EZ dira bi hilabete pasa Hernaniko igerileku berriak ireki zirenetik eta gaur estreinekoz igeriketako txapelketa bat jasoko du. Gipuzkoako Neguko Ligaren bigarren jardunaldia egingo da igeri, eskolar eta federatu mailan, 16:00etan hasita. Gipuzkoan hiru eremutan banatzen dira taldeak eta Hernani, Donostiako Fortuna, Buruntzaldea, Tolosaldea, Ordizia eta Igartza taldeekin batera lehiatzen da.
Ilusio haundiz hartu dute Hernani Kirol Elkartekoek txapelketa honen antolakuntza. «Lehen aldia da txapelketa bat hartzen dugula igerileku berrian. Zortzi kale ditu eta horrek aukerak zabaltzen ditu txapelketa gehiago antolatzeko».
Lehendabizi garrantzitsua izango da, aurrera begira, federakuntzak igerilekua egokitzat ikustea txapelketa garrantzitsuak antolatzeko eta gaurkoa azterketa moduko bat izango da. Jon Ander Isuskiza, Hernaniko igeriketaren arduraduna, lanean ari da hori horrela izan dadin. «Gipuzkoako Kopa ez da Hernanin jokatuko, guk nahi genuen bezala, baina Neguko Gipuzkoako Txapelketa nagusia hemen igeri egitea eskatu dugu Gipuzkoako Federakuntzan».
Bestetik Hernani Kirol Elkartearen barruan igeriketak 30 urte bete ditu, Elorrabi taldea hiru urte lehenago sortu arren, eta urteurrena ospatzeko ekitaldi bereziak egongo dira apirilean. «Zeintzuk izango dira oraindik ez dakigu ziur, baino batzuk itxi dira»
Richard Oribe, zazpi bider txapeldun olinpikoa ere bai
Richard Oribe igerilari paralinpikoa ere egongo da gaur Hernanin. Donostiarra zazpi bider izan da txapeldun olinpikoa eta 15 domina ditu guztira Jokoetan.
Hernaniko bost igerilari ariko dira guztira eta aipagarriak dira, beste batzuen artean, Leire eta Ainhoa Martin lasartearrak. Ahizpa bikiak Espainiako infantil mailan igerilari hoberenetakoak dira, eta dominak lortutakoak Espainiako Txapelketetan. Gertu ibili izan dira, baita ere, June Ilzarbe, Ane Hernandez eta Teresa Burutaran donostiarrak, pasa den udaran. Guztira, bederatzi proba daude txapelketaren egitarauan; bakarkakoak zortzi, eta errelebo proba bat.