Hernaniko Udal Gobernuak 2018ko aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen asteazkenean udaletxean, eta datorren urterako 27.427.337 eurokoa izango da. Pasa den urtearekin alderatuz gero, igoera %6,6koa da eta behin gainerako udal taldeei proposamena aurkeztuta, azaroaren 22ra arte dute emendakinak egiteko epea. Ereñotzura bideratzen den ekarpenak ere igoera nabaria edukiko du; 355 milatik 372 mila eurora
Luis Intxauspe Alkateak eta Isabel Sanchez, Ogasun zinegotziak azaldu zituzten prentsaurrekoan aurrekontu proposamenaren zehaztasunak. Hiru ildo nagusitan banatu dituzte. Herri jasangarria bultzatu nahi da eta horretarako: 13,3 milioi bideratu dira, (aurrekontu osoaren ia erdia, %48,62). Herri aktiboaren apustua egiten da eta horretarako 7 milioi bideratu dituzte proposamenean (aurrekontuaren laurden bat. %25,55), eta Hernani herri solidarioa izateko apostua egin nahi dute, horretarako 3,2 milioi banatuz (aurrekontuaren %11,34). Administrazio gastuek, aldiz, 3,6 milioi (%13,12) suposatzen dute.
Udal Gobernuaren esanetan, «herritarren kalitatezko bizimodua eta garapen jasangarria bermatu nahi da». Oposizioko alderdiei ere luzatu diete gonbidapena elkarrekin lanean aritzeko eta dagoeneko «kontaktu batzuk eginak» dituztela onartu zuten.
Inbertsioak 2.290.350 euro, iaz baino %17 gehiago
Inbertsioek 2.290.350 euro hartuko dituzte, iaz baino %17a gehiago. Horien artean, Hernani Erabakiren 500.000 euroek inbertsioen %22 hartzen dute, eta herritarren esku uzten dute diru hori, urtero.
Horrez gain, urbanizazio proiektuak aztertzeko edo gauzatzeko ere partida bat egongo da: Galarretako eremua garatzeko, Urbieta kalearen peatonalizaziorako, Atsegindegiko itxiturarako, Mañe i Flaquer plaza berritzeko, Karabel II. Faserako eta Portu-Elizatxo bidearen urbanizazioa egiteko izango dena.
Udal azpiegituretan, aldiz, Biteri kultur etxea berritzeko lanekin jarraituko da, herri ikastetxeak mantentzeko eta berritzeko lanekin ere bai, areto nagusiaren zaharberritzean eta Sandiusterri aretoa dantza eta musikarako areto bihurtzeko proiektuan ere inbertsioak egin nahi dira.
Hirigintza planeamenduaren generoa azterlanak egingo dira. Baita ohiko lanak ere: asfaltatzeko, landa bideak, irisgarritasuna hobetzeko lanak, urbanizazio lan txikiak...
Ingurumena
Ekonomia zirkularraren printzipioek gidatzen dituzte aurrekontuen egitasmoak: «hondakinen kudeaketa arduratsuaren aldeko apustuarekin jarraituko dugu eta Udalak industria poligonoen hondakinen bilketa selektiboa hartuko du bere gain Garbitania enpresa publikoaren bidez», iragarri zuten.
Konpost planta eraikitzeko azterketa ere egingo da. «Hernaniarrok sortzen dugun organikoa konpost bihurtu eta gure baserrietan eta sagardotegietan erabilita zikloa itxiko dugu. Horrela, lortuko dugu kudeaketa osoa Udalaren esku egotea eta bilketa modu egokian egiten dela bermatu ahal izango dugu».
Energia Plana eginda dago eta horrek proposatzen dituen egitasmo batzuk gauzatuko dituzte 2018an.
Politika soziala
Emakumearen etxeari dagokionez, 2016 eta 2017 bitartean parte-hartze prozesua egin zen eta eraikina definitzeko proiektua urte amaieran bukatuko da. Aurreikusitakoaren arabera, lanak 2018an egingo dira.
Lankidetza proiektuetara, urtero bezala, «gure konpromisoa bete eta aurrekontuaren %0,79 bideratuko dugu».
Etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak mantenduko dira (164.000 euro).
Herri lanak
Kale garbiketarako eta berdeguneak mantendurako partida handitu da. Kale argiteria Led teknologiarekin jartzen jarraituko da energetikoki eraginkorragoa izateko helburuz.
Ur saneamenduaren sarea mantentzeko partidari eutsiko diote eta horretaz gain, «parte hartzea bultzatzen jarraituko dugu (HE, Lizeaga 3.0, Turismo hausnarketa, kultur sorkuntzari buruzko hausnarketa...)».
Tokiko garapena eta enplegua
Hitzarmenak eta programak mantenduko dira garapena eta enplegua sustatzeko: Buruntza-Beterri eskualdeko hitzarmena, kooperatibak eta ekintzailetza bultzatzeko programak eta enplegua bilatzeko orientazioa eta formakuntza.