Andoni Amonarraizek, EH Bildu salatzeko, Udalak langile bati zabaldu dion zigor espedientea, eta polizia frankistaren nahiz ertzainaren galdeketak parekatzen ditu (Kronika 2017-XI-11) (Polizia frankista eta ertzaintza esaldi berdinean batzea kuriosoa da). Nik ez ditut, Andonik bezala, polizia frankistaren nahiz ertzainaren galdeketak ezagutzen, ezta poliziaren nahiz guardia zibila “demokratikoa”renak ere.
Ideia bat izateko eta Euskal Memoriako (http://www.euskalmemoria.eus/) data basean jasotako datuen arabera, Hernanin, 1960 urtetik 2013 urteraino hirurehun eta hogeita hamar hernaniarrek atxiloketa politikoa jasan zituzten. Ehun eta hogeita hamaika lagunek torturak salatu zituzten. Andoni Amonarraiz 2003 urtetik da zinegotzia, eta ordutik 2010 urteraino, hamabi hernaniar hiritarrek salatu zuten komisarietan torturatuak izan zirela. Zazpi urte horietan, nik dakidanez, aipatutako salaketaz ez zuen inolako interes publikorik erakutsi. Orain berriz, zigor espedientea dela eta, Udalak erabiltzen dituen protokoloak polizia frankistaren nahiz ertzaintzaren galdeketekin konparatzen dituenean, Andonik, hutsaltzen, banalizatzen ditu komisarietan egin diren eskubide urraketak.
Josu Arrieta Iraola