Burua altxa ezinik dabil Mundarro, azken asteotan. Hirugarren porrota jaso zuen jarraian, larunbatean, Andoainen: 2-1 nagusitu zitzaion Euskalduna, azkeneko minutuan penaltiz gola sartuta, Mundarrok irabazteko gola gertu izan ondoren, hiru minutu lehenago.
Ez ziren fin atera moreak zelaira, eta Euskalduna izan zen nagusi, aurreneko zatian. Eta aukera asko izan gabe ere, atsedenaren aurretik egin zuen gola, korner bat aprobetxatuz.
Bestelakoa izan zen bigarren zatia. Ideiak garbi zituela atera zen Mundarro, eta berehala berdindu zuen Beñatek. Horrek konfiantza eman zien moreei, eta nagusi izan ziren zelaian, baina ez zuten asmatu atezainaren aurrean.
Azkenean, 89garren minutuan gol aukera bat huts egitetik, 92an penaltiz jasotzera pasa ziren. Kolpe gogorra.