Azaroaren 22a da Santa Zezilia eguna, Musikaren Eguna. Eta Astigarragan ere ospatuko dute, urtero bezala, bi emanaldirekin. Aurrenekoa, lau egun lehenagorako prestatu dute, herriko musikari eta abeslariek. Kontzertu berezia eskainiko dute larunbatean, Herri Eskolako aretoan. 19:00etan hasita, pop doinuak eskainiko dituzte Aiztondo abesbatzak eta musika eskolako Eira taldeak.
Izan ere, pop abestiez osatutako errepertorioa prestatu dute, talde eta musikari ezagunen kantekin: Elvis Presley, Itoitz, Ken Zazpi, The Mamas & The Papas... Doan izango da kontzertura sarrera.
‘Musikalean’, Santa Zezilia egunean bertan
Baina Santa Zezilia egunean bertan ere izango da ospakizunik, datorren asteazkenean. Musikalean emanaldia eskainiko dute Norberto Almandoz musika eskolako Betak eta Kazkabarra taldeek, udaletxeko arkupeetan, 18:30etan.