Irisgarritasun Plana onartuta, Kataluniaren eta A25aren inguruko mozioak eztabaidagai

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 11a, 01:00

Ez ohiko Plenoa deitu zen aste­azke­nean, bereziki, Irisgarri­tasun Planari hasiera emateko. Izan ere, dirulaguntza eskatu du Jaurlaritzan Uda­lak, Irisgarritasun Planari dagokion aurreneko fasean zehazten den Arrobi­txuloko igogailua eraikitzeko, eta horretarako, Plana Plenoak onartzea beharrezkoa da.
Puntu hori zen ez ohiko Ple­no­ko gai bakarra, baina hori onartu aurretik, hiru mozio lantzea ere proposatu eta onartu zuten: Kataluniako independentzia adierazpenaren inguruko mozioa, Udal­bil­tzak landutakoa eta EH Bilduk Plenora ekarria; Kataluniako atxiloketen inguruko mozioa, Eusko Legebiltzarrean onartua eta Udaleko Bozeramaile Ba­tzor­de­an landu ondoren Plenora era­ma­na; eta azkenik, Ema­ku­me­en­­ganako Indarkeriaren Aur­ka­ko Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala, Eudelek proposatua eta PSEren eskutik Udalean aurkeztua. Hirurak onartu ziren, erabateko adostasuna azkeneko kasuan bakarrik lortu bazen ere.

Kataluniarekin, zalantzak
Mozioetako aurrenekoa EH Bil­duk aurkeztu zuen: Kata­luni­a­ren independentzia adierazpenaren ingurukoa. Andoni Gar­tzia bozeramailearen esanetan, «aldarrikapenak duen ga­rran­tzia ikusita, aitor­tza adieraztea» zen helburua. «Demo­kra­zia da herritarren borondatea errespetatzea», gaineratu zuen.
PSE-EEko bozeramaileak, Mi­kel Duranek kontra bozkatuko zuela jakinarazi zuen; «bozketa ez zen arau juridikoen barruan egin, eta ez dugu adierazpena aitortzen».
EAJtik, berriz, Zorione Etxe­za­rragak azaldu zuen «Ka­ta­lu­nia­ko prozesuan ilusioa eta as­mo onak» ikusi dituztela, baina abstenitu egingo zirela, «erre­publika onartu ez delako». Gartziak «Astigarragako EAJ beti atzetik» dabilela eran­tzun zion, eta Etxezarragak bueltan, «Euskal Herriko independentziarako beste berme batzuk» defendatzen dituztela.
Gauzak horrela, EH Bil­duren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrakoarekin onartu zen adierazpena.
Atxiloketen inguruko mo­zi­oa, berriz, Legebiltzarrean EH Bilduk, EAJk eta Podemosek onar­tutakoa zen, baina Go­ver­neko kideen atxiloketen ondoren, puntu batzuk aldatuta aurkeztu zuten Plenoan, Bozeramaile Batzordean landu ondoren. EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoarekin onartu zen.
A25eko adierazpen instituzionala, berriz, aho batez onartu zen. (Mozio guztiak ikusgai: www.kronika.eus).

DBH batzordea eta Haurreskola, galderetan
Bukatzeko, galdera eta erreguen puntuan, Andoni Gar­tzi­ak galdetu zuen noiz egingo zen DBH batzordea. Azaroan egingo dela erantzun zion alkateak. Haurreskolaren in­gu­­ruan galdetzean, berriz, Jaurlaritzaren erantzunaren zain zeudela jakinarazi zuen, zein proiektu finantzatuko duen jakiteko.

 

Plenoa- A25eko egunari lotutako mozioa

Mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, bat

Aho batez onartu zuten Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari lotutako mozioa.

Asteazkeneko Plenoan az­ter­tu eta bozkatutako mo­zioen artean, A25ari lotutakoa izan zen, hiru alderdietako kideek aho batez onartu zuten bakarra; Emakume­en­ga­nako Indarkeriarekiko Aur­ka­ko Nazioarteko Egunari lotutakoa, hain zuzen.
«Eudelek proposatu eta Astigarragako Udalera PSEren eskutik iritsitako adierazpen instituzionala» zela argitu zuen Zorione Etxezarraga alkateak, eta gaineratu zuen, EH Bilduk gehitutako puntu batzuekin osatu zutela.

10 puntuko deklarazio instituzionala
Guztira, 10 puntutako deklarazio instituzionala osatu eta onartu zuten hiru alderdietako kideek, aho batez, Plenoan.
Besteak beste, egin zuten emakume biktimekiko erreparazio eskubidearen aitor­tzaren alde; udaletan neurri estrukturalak hedatu eta jarraitzearen alde; gizartean aldaketa es­trukturalak bul­tzatzearen al­de; beharrezkoak diren baliabideak jartzearen alde, emakumeen aurkako indarkeria gizartetik desagerrarazteko; Emakumeen Munduko Mar­txak bultzatutako protokoloarekin bat egitearen alde; eta genero berdintasuna sustatzearen alde, bai udaleko aurrekontuak definitzean, edota hezkuntza arloan ere.

A25ari lotuta Harituz elkarteak antolatutako ekitaldiak gogorarazi zituzten Plenoan, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu.

Herritarrei deia, ekimenetan parte hartzeko
Adierazpena onartzeaz gain, gogorarazi zuten azaroaren 23 eta 25ean hainbat ekitaldi antolatu dituela Harituzek, eta herritarrei parte hartzeko deia egin zieten. Era berean, «mu­gimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat» egiten zutela gaineratu zuten. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!