Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak biztanleriaren azken datuak argitaratu berri ditu aste honetan. Horien arabera, Hernanik 20.000 biztanleen muga galdu du eta berriz ere langa horren azpitik geratu da, pasa den urtean gainditu eta gero. Pasa den urtetik, 2016ko datuen arabera, herriak 239 herritar galdu ditu eta 19.774 biztanletan geratu da datua.
Daturik deigarriena biztanleen jaitsiera izan da kopuru totalean, Euskal Herrian ez baitago horrenbeste herritar galdu dituen herri edo hiririk.
Eustat, 2000garren urtean datuak biltzen hasi zenetik, lehen aldia da Hernanik biztanleak galtzen dituena. Mende hasieran 18.364 biztanle zeuden eta urtetik urtera gero eta jende gehiago bizi zen Hernanin.
Gainera, erritmo onean irabazi zituen hernaniarrak herriak. Urtez urte 100 biztanle gehitu zituen eta pasa den urtean 20 milako muga gainditu zen.
%1,16 galdu du urte batean
Hala ere, aurten etorri den beherakada oso haundia izan da Hernani bezalako herri batentzat. 239 biztanle galtzeak %1,16ko jaitsiera suposatzen du azken urtean. Portzentaian ez da Euskadin gehien galdu duen herria, baina bai datu orokorrean eta hori kezkatzeko datua da, Autonomi Erkidegoak biztanleak irabazi dituenean eta Gipuzkoa izan denean biztanle gehien irabazi duen lurraldea.
19.774 biztanle ditu Hernanik
Orain zergatik gertatu den aztertzen ari dira. Datu gehiago pilatzen hasi dira erakundeak eta gero hausnartuko da galera hori zirkunstantziala den edo zerbait sakonagoa izan daitekeen.
Datuak sakonago ikusita jaitsiera nabarmenena 20-64 urte bitarteko gizonezkoetan gertatu da. Hernanik 2015ean 6.131 gizon zituen adin muga horretan eta 2016an berriz 6.038 ditu, 93 laguneko beherakada (%1,51).
19.774 hernaniarretik 10.083 dira emakumezkoak eta 9.691 gizonezkoak.
Astigarragak ere biztanleak galdu ditu azken urtean. 5.901 biztanle izatetik 5.864 izatera pasa dira. Euskal Autonomiak ia 4.000 (3.934) irabazi ditu eta Gipuzkoak 2.102. Egia esan gorakadak oso txikiak dira bai batean eta bestean.