«Nik transmititu nion euskararekiko maitasuna alabari, eta orain biloba da nire euskara irakasle onena»

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 4a, 01:00

Argentinarra dauka azentua, Maria Angeles Ibargurenek. Baina euskal herritarra da, Itsa­son­dokoa jaiotzez, eta Andoainen bizi izandakoa. Ia euskara hutsean egiten zuen txikitan, eta euskara ikasten ari da orain; berreskuratzen, hobe esanda. Necochean iga­rotako 60 urteetan galdutako ohiturari, berriro heltzen.
Oso gazte zela, zortzi urte­rekin, joan zen Ibarguren Argen­tinara, gurasoekin eta anai-arrebekin, Frankismotik ihesi: «errepublikazalea zen aita, eta pertsegitu egin zuten. 1952an egin zuen berak ihes Necocheara. Lurrak erosi, etxea egin, eta hurrengo urtean joan ginen gu», dio Ibargurenek.

«Necochean euskaldun asko zeuden, baina egunerokoan ez ginen euskaraz bizi»
Gogoan dauka nola, beraiek bizi ziren nekazal ingurunean, bizilagun asko ziren euskaldu­nak: «Necochean euskaldun asko zeuden, eta Euskal Etxea oso handia da han; euskara ikastaro batzuk ere ematen zituzten. Baina egunerokoan, ezin genuen euskaraz bizi, eta galdu egin nuen pixkanaka».
Ez, ordea, euskararekiko eta euskal kulturarekiko mai­ta­su­na: «nik eta ahizpak, beti jotzen genuen Euskal Etxera, eta eus­kara ikastaroak ere egin geni­tuen. Nire alaba bertan hasi zen euskara ikasten, pixka bat. Ez ginen euskaraz bizi, baina bai euskal giroan. Euskarak inte­res handia pizten du Necochean, eta familiatik haratago joatea lor­tzen du euskararen trans­mi­­sioak, han».
Maria Angelesek transmiti­tu zion maitasun hori alabari, eta askotan egin zuten bidaia Euskal Herrira, elkarrekin.
Baina bidaietako bat, den­bo­­ran luzeena, bakarrik egin zuen alabak: Bilbora joan zen, ikas­tera. «Hainbatetan Euskal He­rri­ra etorri ondoren, esan zidan: ‘ama, hau da nire tokia mun­duan’», gogoratzen du Ma­ria Angeles Ibargurenek.
Bilbon ikasi ondoren, Ando­ainera etorri zen bizitzera, eta Hernanin ezkondu zen azke­nik. Duela lau urte etorri zen bera, alabaren pausoei segika, Necocheako ospitalean emagin izan ondoren, 37 urtez.

«Euskal Herrira bueltatzea eta euskara berreskuratzea, zirkulua osatzea bezala izan da niretzat, nire jatorrietara bueltatzea. Eta hori oso polita da»

«Garbi neukan, bueltatu nintzenean, euskara berreskuratu nahi nuela»
Bueltatuko zela bai, bazekien Ibargurenek: «baina beti pen­tsa­tu nuen Legazpira edo buel­tatuko nintzela, familia berta­koa zelako. Baina Hernanin oso ondo hartu naute, jendea oso ire­kia da. Eta kultur abe­ras­tasun handiko herria da».
Baina are garbiago zeukan, bueltatzean euskara berres­ku­ratu nahi zuela: «beti diot, ez nintzela inoiz joan. Txikitan neukan hori guztia, euskara, nonbait egongo dela, eta be­rri­ro atera behar dudala. Oso polita da pixkanaka euskara berres­ku­ratuz joatea».
Horretarako ere, alabaren pausoei jarraitu die. Bilbon aritu zen alaba euskara ikasten, eta AEKn jarraitu zuen, Buruntzal­deara etorri zenean: «bigarren maila dauka, eta nik ezin dut esan, baina diote oso ondo hitz egiten duela. Orain, mintza­prak­tikan ari da bera, eta ni naiz euskaltegian hasi dena».
Urtebete darama Ibargure­nek AEKn, «barruan nonbait» daukan hori ateratzen: «adine­koentzat oinarrizko ikastaro bat egin nuen aurrena, bilo­be­kin euskaraz egitera bideratua zegoena». Eta berak ere, hein batean, nahi zuen hori: Udane bilobarekin euskaraz egin.
«Berak oso ondo egiten du euskaraz. Hiru urte besterik ez dauzka, baina oso azkar eta ondo egiten du. Eta badaki nik ere nahi dudala euskaraz hitz egin. Gustatzen zaio, amonak euskaraz egitea», dio Ibargu­re­nek irribarretsu: «bera da nire irakasle onena. Zuzendu egiten dit, eta gaztelaniaz hasten nai­zenean, ez dit uzten, ‘horrela ez’ esaten dit».
Bilobarekin euskaraz egite­ko, eta euskaraz bizitzeko, as­te­­an hiru egunez joaten da AEKra: «egunero ematen ditut aurre­ra­pausoak, eta orain, nabari­tzen dut ulertu egiten diedala senide eta lagunei, eta nik ere hitz egin dezakedala». Horreta­ra animatzen dute AEKko ira­kasleek, eta baita herritarrek ere. Eta oso lagungarria zaio, alabaren familia osoa euskal­du­na izatea: «giro euskalduna daukate familian, euskaraz egi­­ten dute, eta euskal kul­tu­ran oso errotuta daude». Eta eus­karaz bizi nahi du berak ere.
«Batzuetan, niregatik, gaz­te­laniara pasatzeko joera iza­ten dute; baina eskatzen diet euskaraz jarraitzeko», dio. Sen­tipen bereziak sorrarazten diz­kiolako horrek: «zirkulua osa­tzea bezala izan da, nire jato­rrietara bueltatzea. Eta hori oso polita da».

«Necochean ‘la vasquita’ nintzen, eta hemen, berriz, ‘argentinarra’ naiz»
Izan ere, euskara «bizitzeko modu bat» da Ibargurenentzat: «Lurrarekin, jendearekin lotu­ta dago. Ikusten ditudanean he­rri­en sarreretan ‘Euskaraz bizi gara’ dioten kartelak, poza ematen dit. Horrek egiten du herri hau ezberdin, eta horre­gatik bueltatu naiz Euskal Herrira; herri hau, jende hau eta hizkuntza hau berriro deskubritzera».
Euskara ere berreskuratzen ari baita, baina azentu argen­tinarra galdu gabe oraingoz: «bilobak ere, gaztelaniaz hitz egiten duenean, azentu argen­tinarra dauka. Graziosoa da. Hori nik transmititu diot. Joan eta etorriko bidea da hizkun­tzarena, gure artean».
«Argentinan, Necochean,  la vasquita nintzen bertakoen­tzat; errespetu handia diete han euskaldunei, pertsona langilea eta adeitsuaren irudia daukate. Eta hemen, berriz, argen­tinarra naiz. Kuriosoa da. Ni sentitzen naiz hernaniarra, euskalduna eta argentinarra. Ez delako ahaztu behar, toki bakoitzean jaso dugun guztia», nabarmendu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!