Pozik egoteko moduan dira aranoarrak, kulturari dagokionean behintzat. Datorren asteburuan jarriko dute martxan Maisuenea areto berria, San Roke elkartearen gainean. Eta ez dute edonola inauguratuko, gainera!
Ostiralean izanen da inaugurazio ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan. Horrekin, hasiera emanen diote, ekintza kulturalez urte bukaera bati.
Hain justu, ostiralean bertan izanen da aurrenekoa, ekitaldiaren segidan: punta-puntako bertso saioa prestatu dute, 19:30etan hasita. Bertan izanen dira Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Eli Pagola eta Agin Laburu; Hernaniko bertso eskolakoak lauak. Maider Ansa aranoarra ariko da gai-jartzaile lanetan.
‘Burbunak eta etsayak’ dokumentala, larunbatean
Hurrengo egunean ere izanen da ekitaldirik. Burbunak eta etsayak dokumentala jarriko dute ikusgai Maisuenean, arratsaldeko 19:00etan hasita, eta bertan izanen dira dokumentalaren egileetako batzuk: Joxan Ruiz eta Jon Mari Beasain, grabaketa eta muntaketa lanetan aritutakoak; edota Iñaki Sanz-Azkue biologoa.
Ostiralean eginen dute inaugurazioa, eta kultur ekintza bana izanen da igandera bitarte.
Kontzertu berezia igandean, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin
Eta asteburua borobiltzeko, hirugarren zita bat ere jarri dute, igandean. Kontzertu berezia eskainiko dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek, 17:30etan hasita. Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen bitartez antolatu dute emanaldia.
Abuztu bukaeran bukatu zituzten Maisuenea berritzeko lanak, eta horretarako, Europako Feader eta Leader fondoen laguntza jaso du Udalak, Cederna Garalurren bitartez.