Inprentatik atera berritan harrapatu ditugu Iñaki Sanz Azkue biologoa eta Egoitz Alkorta Ingurugiro Zientzietan lizentziatua. Ostegunean, 19:00etan aurkeztuko dute Auzo Udaleko aretoan, Hernaniko eta inguruetako anfibioak eta narrastiak gida-liburua. 2007an Hernaniko Natur Ondarea aztertzen hasi zen Iñaki, eta horrekin, anfibio eta narrastien datuak biltzen. Gasteizen, unibertsitatean ikastaro bat eman zuenean ezagutu zuen Egoitz; orduan, ikasle. Horrela hasi ziren biak elkarlanean, datuak bildu eta bildu, urte honetako irailera arte!
Ziraba proiektua, ‘Burbunak eta Etsayak’ eta orain hau...
Ziraba proiektuaren bueltan, Hernaniko izenak biltzen hastean sortutako adarra da Burbunak eta Etsayak, baina anfibio eta narrastien datuak biltzea Ziraba proiektuaren baitakoa da. Hainbat ekintza eta hitzaldi egin ditugu, eta ideia zen liburuan biltzea guk bildutako datuak, eta jendeak emandakoak. Citicen science, herritarrak zientzian inplikatzea izan dugu helburu, eta liburuko datu asko dira Ziraba proiektuan parte hartu duten Ereñotzuko ikasleenak, beste 50 bat herritarrenak... Eta 10 urtetan guk bildutakoak!
Zergatik denak Hernanikoak?
Zor genion gure buruari, Hernanikoak izanda, eta gure espezialitateari lotutako lana izanda. Gainera, inon ez dago horrelako proiekturik, eta guk hemengo datuak bildu ditugu; 1.000tik gora aipu! Euskal Herrian ez dago hainbeste aipu herri bakar batean bildurik.
Datuak gida-liburuan bilduta, helburu pedagokikoa ere baduzue. Asko galdu dugu naturari buruzko jakinduria?
Sumatzen da horrelako hutsune bat Euskal Herri mailan, anfibio eta narrastiak herritarrei gerturatzeko. Badira lan oso zientifikoak, baina Zirabaren filosofia izan da zientzia zabaltzea. Liburuak zorrotza izan behar zuen datu eta zientzia ikuspegitik, baina baita dibulgatzailea ere, natura maite dutenentzako aproposa. Horregatik azken atala ere oso inportantea da. Gomendioak ematen ditugu; zer, non eta noiz topatu daitekeen azaldu; herritarrek esandako bitxikeriak bildu; Axpiren ilustrazioak gehitu; bi kondaira jaso; ibilbideak proposatu... Erraztasunak eman ditugu, anfibio eta narrastietara gerturatzeko. Asko galdu dugu inguruarekiko ezagutza, baina izena daukan animalia ezaguna zen seinale, eta Hernanin izenak badira.
Zenbat espezie topatu dituzue? Sorpresarik izan duzue?
18 fitxa egin ditugu: 7 anfibio eta 11 narrastirenak. Eta egon daitezkeen beste hiru espezieren fitxak gehitu ditugu, denak bideo eta guzti, eta mapa eta azalpenekin. Sugandila arrearen (Podarcis liolepis) bila, adibidez, propio aritu ginen; kostaldean, itsaso aldeko harkaitzetan ohikoa da, baina ez Hernanin. Azkenean, Oindi eta Urdaburun topatu genuen. Bestalde, Oriamendi inguruan baserritar batek putzu baten berri eman zigun. Nahiko suntsitua zegoen, baina hantxe topatu genuen uhandre marmolairea (Triturus marmoratus). Hernaniko espezieak Euskal Herri atlantiarreko espezie tipikoak dira; batzuk arruntak, baina Europako beste zonalde batzuetan mehatxatuta egon daitezkeenak.
Exotikoak ere topatu dituzue. Inbaditzaileak ere badira?
Kanpoko bi espezie topatu ditugu: dortoka eta dragoitxoa; gekko mota bat. Azken hau kuriosoagoa da. Izan daiteke Iruñeatik hegoaldera al pueblo joan eta handik ekarri izana, edo trenean itsatsita etorri izana. Gazte batzuek aurkitu zuten, lokalean. Dortokak, ordea, aurkitu ditugu Urumean, Portuko errekan, Santa Barbarako lakuan... Askotan iruditzen zaigu hobe dela hauek askatzea, naturan libre uztea, baina bertako bioaniztasuna mehatxatzen dute, putzu lokal horretan kalte egiten dute.
«Liburuko datu asko dira Ziraba proiektuan parte hartutako Ereñotzuko ikasleenak, beste 50 bat herritarrenak...»
Arriskutsurik bada benetan?
Suge gorria da pozoitsua den bakarra. Anfibio askok azalean izan ditzakete bakteria edo sustantzia toxikoak, baina eskuak garbitzearekin nahikoa da. Kontua da ezjakintasunak kalte egiten duela; suge gorriaren beldur, besteak hiltzen ditugu, eta hauek baratzetan adibidez, oso onuragarriak dira, sagu eta intsektuak jaten dituztelako. Eta suge gorriak ez du pozoia alferrik gastatzen; alde egiten du normalean. Baina anfibio eta narrastiek oso fama txarra dute inguru honetan. Kulturala da. Anfibioak dira, mundu mailan, ornodunen artean talde mehatxatuena; ezjakintasunari gehitu kutsadurari dioten sentsibilitate haundia, ikerketa falta eta gizarte hiritarra...
Zuek ikertu duzue nahikoa! Emaitzarekin, gustora?
Oso. Jendea asko inplikatu da, elkarlanean egina da. Mikel Ramirez de Alda aritu da maketatzaile, eta asko inplikatu da. Axpi ere bai marrazkiekin. Argitaratzailea Aranzadi da, eta dirulaguntzak lortzen lagundu digute Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Olak Elkarteak. Kutxa Fundazioak, Foru Aldundiak, Jaurlaritzak, Ereñotzuko Auzo Udalak lagundu digute. Horrela errazagoa da.
Has gaitezen gu lanean! Nora jo dezakegu emaitzen bila?
Ingela gorriya aurreneko arrautzak jartzen hasi da; garai honetan, bakarra. Erraz ikusten dira, gelatinazko poltsatan jartzen baitituzte. Urdaburu inguruan badaude eta Zepadin ugaritu dira.
Ereñotzuko Udazken Kulturala
URRIA
- Gaur, 11:00etan Ereñotzuko semaforotik aterata, Aranora igoera bizikletaz.
- Bihar, 17:00etan Auzoko Festa frontoian: bertako sagardoak dastatu eta gaztain erreak jateko aukera izango da; baita produktu azoka eta patata tortilla lehiaketa ere.
- Asteazkena 25, 19:00etan Eli Pagola eta Eneka Gorrotxategi: Hego Ameriketako bidaien irudi emanaldiak (atzeratu egin da).
- Osteguna 26, 19:00etan Auzo Udaleko aretoan, Hernaniko eta Inguruetako Anfibioak eta Narrastiak gida-liburuaren aurkezpena, Iñaki Sanz-Azkue eta Egoitz Alkortaren eskutik.
- Larunbata 28, egunpasa Legazpiko Mirandaola burdinolara. Ondoren, bazkaria Zerainen*.
AZAROA
- Osteguna 2, 19:00etan Auzo Udaleko aretoan, Urumeako Fauna eta Flora argazki erakusketaren aurkezpena, Haritzalde Natur Taldearen eskutik (argazki erakusketa ikusgai, hilaren 23ra arte).
- Larunbata 4, 17:00etan umeentzat mahai jolasak eta txokolatada, frontoian.
- Ostegunea 9, 19:00etan Auzo Udaleko aretoan, Txirrita ikastetxearen patio eraldaketa proiektuaren aurkezpena, Txirrita ikastetxea eta Tabakaleraren eskutik.
- Larunbata 11, 19:00etan, Tio Teronen Semeak dantza ikuskizuna frontoian, eta ondoren, afari-herrikoia*.
- Igandea 12, 17:00etan Kontukantoi: puin Kontalariak Auzo Udaleko aretoan.
- Osteguna 16, 19:00etan Auzo Udaleko aretoan, Bertso Entrenamendu Komentatua, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzen ari diren Hernaniko Bertso Eskolako kideekin.
- Larunbata 18, adinekoek egunpasa El Montecillora (Nafarroa)*.
- Osteguna 23, 19:00etan Auzo Udaleko aretoan, Jokin Lizeaga mendi korrikalariaren hitzaldia.
- Igandea 26, 09:30etan Artikutzan Mendi Ibilaldia: Animalien Lorratzak ezagutzen. Haritzalde Natur Taldeak gidatua.
*Ekintzetan parte hartzeko, deitu 943 55 10 00 telefonora astelehenean 09:00-11:30 eta 18:00-20:00 edo asteartetik ostiralera 09:00-13:00.
*Legazpiko Mirandaolara irteerak (sarrera, autobusa eta bazkaria) 30 euro heduentzat, eta 15 euro 14 urtetik beherakoentzat (2 urtetik beherakoek doan). Izenematea bihar arte.
*Afari Herrikoirako aurretik eman behar da izena, nahiz eta norberak bere afaria eraman behar duen. Edaria, basoak eta mahaiak Auzo elkartearen kontura.
*Adinekoen egunpasan izena emateko azken eguna, azaroak 4. Prezioa, 30 euro (autobusa, Marcillako gazteluari bisita, bazkaria, bingoa eta dantzaldia.
*Artikutzako mendi ibilaldirako izenematea zabalik, azaoraren 17ra arte.