Inoiz egin duen erakusketarik haundiena egingo du Aitor Ruiz de Egino eskultore eta margolari hernaniarrak Urumea Ikastolako eraikuntza zaharrean. «Hernani betidanik metalaren kulturan sartuta» dagoela uste du Ruiz de Eginok, eta horra hor erakusketa haundi honen izenaren arrazoia: Metal eremutik. Abenduaren 2ra arte egongo da Hernaniko artistaren lanez gozatzeko aukera.
Kale arte sorkuntzaren baitan
Pasa den urteko Kale arte sorkuntzako irabazleetariko bat da Ruiz de Egino, eta egitasmora aurkeztutako proiektuaren baitan dago Metal eremutik erakusketa. Izan ere, eta eskultore eta margolariak berak Kronikari azaldu dioen bezala, «hirugarren aldia da» Udalari erakusketa hau egin ahal izateko eskaria egiten diola. «Oztopoak jarri izan dizkidate beti», azaldu du Ruiz de Eginok, «beraz, Kale arte sorkuntza egitasmoaz baliatu behar izan dut».
Urumea Ikastolak esanahi berezia dauka Hernaniko artistarentzat; han ikasi zuen txikitan, bere etxetik gertu dago, oso haundia da eta erdi hutsa dago. Urte asko daramatza erakusketa haundi bat bertan egin nahian, eta are gehiago eraikina eraitsi egingo dutela jakin zenetik.
«Oztopoak jarri izan dizkidate beti»
Gehiago erakustea nahi
Lan asko erakutsi gabe omen dauzka Ruiz de Eginok, eta horrenbestez, 500 lan inguru erakutsiko ditu abenduaren 2a bitarte Urumea Ikastolan. Artista hernaniarrak azaldu duenez, azken 20 urtetako lanak izango dira bertan ikusgai: «Okasiorako zenbait obra egin ditudan arren, orain arte inork ikusi ez dituen lan zaharrago batzuk ere aterako ditut argitara».
Zeramika, margoak eta eskulturak ikusi ahal izango dira, eta material aldetik metala izango da nagusi. «Txikitatik metalaren kultura sakonetik bizi» izan duela dio Ruiz de Eginok, eta bere obratan «argi eta garbi» ikus daitekeela hori.
«Orain arte inork ikusi ez dituen lanak ere aterako ditut argitara»
«Ez naiz perfektua»
Urumea Ikastolako eraikuntza zaharrak bere lanei misterioa eta poesia ematen diela kontatu dio Hernaniko artistak Kronikari, eta hori dela gehien gustatzen zaiona. Erakusketa gehinetan dena txukun eta ondo jarrita egoten omen dela, eta horrek batzuetan xarma kentzen duela gaineratu du: «Ez naiz perfektua, baina ezta narrasa ere. Garrantzi handiagoa ematen diot nik misterioari eta poesiari, eta hori da Urumea Ikastolako eraikuntza zahar honek emango didana».
Dagoena sustatzeko deia
Erakusketa bat egiteko lekuen aritik, «dagoena sustatu» behar dela dio Ruiz de Eginok. Izan ere, hernaniarrok ez gaude ohituta Biteritik kanpo erakusketak ikustera, eta eskultore eta margolariak gaineratu duenez, «gisa horretako lekuak bestelako profesionalei bideratuta daude, hau da, musikariei eta abarrei. Gure baldintzak hobetu beharko liratekeela uste dut, dagoena sustatuz».
«Ez naiz perfektua, baina ezta narrasa ere»
Bisita gidatuak, egun batzuetan
Azaroaren 11rako, 18rako eta abenduaren 2rako bisita gidatuak antolatu ditu Ruiz de Eginok Urumea Ikastolako eraikin zaharrean barrena bere Metal eremutik erakusketa erakutsi eta azalpenak eman ahal izateko. Bisita gidatuok goizeko 11:00etan izango dira, eta erakusketaren ordutegi orokorra ondorengo hauxe izango da: astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30etara, eta arratsaldeko 18:00etatik iluntzeko 20:00etara.
Web-orri berria
Bestalde, Hernaniko eskultore eta margolariak web-orri berria inauguratu du, 4 hizkuntzatan. Online salmentan 900 lan inguru dauzka, bidalketa gastuak barne. Interesa izanez gero: aitorruizdeegino.com. Eta harremanetarako e-maila ere aldatu du Aitor Ruiz de Eginok berak: info@aitorruizdeegino.com.