Janari bilketa jarriko dute martxan datorren astean, Atenaseko errefuxiatuei bidaltzeko, SOS Errefuxiatuak Hernani eta Pasaportes para Siria elkarteek. Azaroaren 15etik 24ra bilduko dituzte elikagaiak, Urumea eta Elizatxo ikastoletan, eta Urnietako Egapen eta Institutuan. Eta ostiral eta larunbatean, azaroaren 17 eta 18an, Zinkoeneako Eroskin eta Galarretako Lidlen egingo dute bilketa.
Eskatu dituzten elikagaiak, honakoak dira: garbantzuak, olioa, azukrea, sardina eta atun lata metalikoak, eta galletak. Eltxetxoak ere jarriko dituzte, bilketa puntu horietan, diruz laguntzeko. Izan ere, elikagai horiek Atenasera barkuan eramateak, 140 euroko kostua suposatzen die, palet bakoitzeko.
Biltzen den janari eta diru guztiak, helmuga konkretu bat daukalako: Victoria proiektua.
«Ezinbestekoa da proiektua, zuzenean hemengo elkarte eta boluntarioek kudeatua»
Zazpi pisuko eraikina da Victoria, garai batean hotel bat zena. Atenaseko Victoria plazaren ondoan dago kokatuta, eta 980 metro karratu dauzka, terraza eta guzti. Bertako familia batena da eraikina, eta SOS Errefuxiatuaki eskaini zion, alokairuan, prezio solidario batean.
Uztailean sinatu zuten alokairu kontratua, eta berehala hasi ziren eraberritzeko lanean: paretak, zapaiak, sistema elektrikoa, etxetresna industrialak, igogailua konpondu... Altzariak, Greziako enpresa solidario batek oparitu zizkien.
Kepa Alvarez (SOS Errefuxiatuak):
«Ez da nahikoa janari iristen eskariari erantzuteko, eta ahal duguna egiten dugu; lehen bati emateko aukera geneukana, orain hiruren artean banatu behar dugu».
Hori guztia egiteko, ehunka boluntario joan ziren bertara, uztailean eta abuztuan; horietako zenbait, hernaniarrak: «Hernaniko SOS Errefuxiatuakeko hiru edo lau kide behintzat izan gara bertan. Ekainetik urrira, beti egon da Hernaniko norbait bertan lanean», azaldu du Kepa Alvarezek, elkarteko arduradunak. Izan ere, badakite zer nolakoa den proiektuaren garrantzia: «ezinbestekoa da Victoria proiektua, zuzenean hemengo elkarte eta boluntarioek kudeatua. Ez daukagu inoren dependentziarik, eta prozesu guztia dago gure esku, guk kontrolatzen dugu; hemen janaria biltzen dugunetik, Victoriara iristen den arte».
600-700 otordu egunean... eta gehiago behar dira
Izan ere, hilabetetako lanaren ondoren, dagoeneko martxan dago Victoria proiektua: zazpi pisu, errefuxiatuei laguntza konpletoena eskaintzera bideratuta: otorduak, tailerrak, osasun laguntza, asistentzia juridikoa... Bertan sukaldatzen dituzte, egunero, errefuxiatuentzako otorduak. «Egunean 60 bat otordu ematen zituzten hasieran, baina orain, 600-700 ematen dira, eta gehiago ere behar dira. Egoera okerragoa da Atenasen, egunetik egunera, kanpamenduak ixten ari direlako irletan, turismoak beherakadarik ez izateko; eta Atenasera eramaten dituztelako errefuxiatuak», azaldu du Alvarezek: «iaz 18.000-20.000 errefuxiatu baldin bazeuden Atenasen, 30.000 inguru izango dira orain».
Horregatik, deialdi berezia egin die herritarrei, datorren asteko janari bilketan parte hartzeko: «ez da nahikoa janari iristen eskariari erantzuteko, eta ahal duguna egiten dugu. Lehen bati emateko aukera geneukana, orain hiruren artean banatu behar dugu».
Ixiar Villalba (Pasaportes para Siria): «Proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Oso irekia da, eta ez dauka inoren dependentziarik».
«Uztailean izan nintzen Atenasen, eta izugarri gustatu zitzaidan proiektua»
Hernaniko SOS Errefuxiatuak bezala, proiektua martxan jarri zenetik ari da laguntza ematen Pasaportes para Siria elkartea ere. Tartean da Ixiar Villalba hernaniarra ere, eta bertatik bertara ezagutu zuen proiektua: «uztailean izan nintzen Atenasen, alokairu kontratua sinatu baino astebete lehenago. SOS Errefuxiatuakekoekin egoteko aukera izan nuen, eta proiektuaren berri eman zidan Patricia Colonek, hango arduradunak. Eta izugarri gustatu zitzaidan proiektua. Ez dute inoren dependentziarik, eta proiektu irekia da, errefuxiatuek beraien espazioak izateko, errefuxiatuek errefuxiatuentzat lan egiteko aukera izateko... Eta boluntarioek ere, toki bat daukate tailerrak garatzeko; ingeles tailerrak adibidez, boluntario batek hasi, eta beste batek jarraipena emango diona gero».
Villalbak garbi dauka, oso zerbitzu ona ematen dietela bertan errefuxiatuei: «egun osoko zerbitzuak eskaintzen dizkiete bertan, lo egitea izan ezik. Eguneko zentro bat bezala da», dio.
Abenduan joango da bertara, berriro, eraikina gertutik ezagutzera, oraingoan martxan dagoela. Eta Hernaniko SOS Errefuxiatuak taldeko kideren bat ere joango da Atenasera, Victoria eraikinean.
Furgoneta berria erosteko ere, dirua biltzen ari da Hernaniko SOS Errefuxiatuak. Aurrekoa erre egin zieten Atenasen.
«Harreman zuzena daukagu bertan daudenekin, uneoro zer behar duten jakiteko»
Hango egoera ezagututa, eta jakinda nora doan hemendik bidaltzen den laguntza, bat egitea erabaki zuten SOS Errefuxiatuakek eta Pasaportes para Siriak, kanpaina ezberdinak egin eta laguntza bidaltzeko. Horren emaitza izan da janari bilketa.
«Harreman zuzena daukagu bertan daudenekin, Patriciarekin, uneoro jakiteko zer behar duten», azaldu du Villalbak. Orain, janaria da daukaten premiarik haundiena, nahiz eta laster, negua iristearekin batera, arropa lodiagoa beharko dute: berokiak, jertseak...
Baina bilketa horiez gain, dirua lortzeko lanetan ere ari dira. Pasaportes para Siriak, esaterako, koaderno txikiak saltzen ditu: «erosi egin genituen, guk eskuz serigrafiatu, eta saltzen ari gara. Bildutako diru guztia bideratzen dugu Victoriara. Gainera, kanpotik ere eskatu dizkigute, beraiek saltzeko. Eta haiek saldutako guztiaren irabaziak ere, proiektura doaz zuenean», azaldu du Villalbak.
«Furgoneta berria erosteko, 3.000 euro inguru falta zaizkigu oraindik»
Proiektuarentzako baliabideak erosteko, dirua biltzen ari da Hernaniko SOS Errefuxiatuak ere. Baina beste kanpaina bat ere badauka martxan: furgoneta berria erostea.
Victoria eraikinaren joan-etorrietarako behar dute furgoneta hori. Dagoeneko erosi zuten bat, hernaniarren eta ingurukoen aportazioekin, baina erre egin zieten Atenasen; eta berria erosteko lanean ari dira orain: «12.000 euroko aurrekontua pasa digute Atenasetik, bertan erosiko baitute. Oraingoz, 9.000 eurora ez gara iritsi; 3.000 euro falta zaizkigu gastua kubritzeko, beraz», azaldu du Alvarezek.
Aurreratu duenez, datorren astean bertan daukate asmoa furgoneta erosteko: «oraindik ez baditugu 12.000 euroak lortu, guk aurreratu beharko dugu dirua, eta biltzen jarraitu kopuru horretara iritsi arte».
Intxaurrondoko Zaporeak taldeak prestatzen ditu otorduak Victorian, errefuxiatu eta boluntarioentzat.
Izan ere, furgonetaren beharra daukate: «erre zigutenean, Medicos Sin Fronterasek utzi zigun furgoneta bat. Baina noski, beraiek ere behar dute, eta dagoeneko hartu dute bueltan berriro».
Furgonetarentzat aportazioak egiteko, kontu korrontea zabalik dago, Hernaniko Bankoan: 0138 0019 5400 1079 7608.
«Herriak herria lagundu behar du; guk ez badugu egiten, zeinek egingo du?»
Ilusioz hartu dute, Villalbak eta Alvarezek, Victoria proiektua. Eta herritarrei ere, laguntzeko deia egin diete, datorren asteko elikagai eta diru bilketarekin: «herriak herria lagundu behar du. Guk ez badiegu laguntzen, zeinek lagunduko die? Ez daukate ezer, ez paperik, ez jatekorik... Instituzioek ez diete laguntzen, eta ezin dute beraien herrialdera itzuli, han ez daukate bizitzarik. Hil egingo lirateke bertan», ohartarazi du Villalbak.
Zaporeak taldea, otordu bakoitzaren atzean
Gipuzkoako talde gehiago ere, badaude Victoria proiektuaren atzean. Horietako bat, eta oso paper garrantzitsua daukana, Zaporeak talde solidarioa da, Donostiako Intxaurrondo Gastronomia Elkartekoa.
Ardura garrantzitsuenetako bat hartu zuen taldeak, Victoria proiektuaren barruan: otorduak prestatzen dituzte, bai errefuxiatuentzat, eta baita boluntarioentzat ere.
Egunero egunero, menu orekatu bat prestatzen dute, egin beharreko erosketak egiten dituzte, eta otorduak etxera eramaten dituzten errefuxiatuentzat, enbasatu egiten dituzte.
Baina SOS Errefuxiatuaketik azaldu dutenez, beraien aportazioa otorduak prestatzetik haratago doa. Zaporeak taldeko kideen jarrera eta umore onak, erreferente bihurtu ditu gainerako boluntarioentzat; egunetik egunera iristen ari diren guzti horientzat.
Gainera, Atenasen bertan dauden kideek bakarrik ez, hemendik ere egiten du lan taldeak, Victoria proiektuaren mesedetan. Maiztasun haundiz bidaltzen dute janaria bertara, posible egiteko egunero egunero otorduak eskaini ahal izatea errefuxiatuei.