«Gustora etortzen naiz; denetik daukazue!»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 16a, 01:00

Prestaketa lanetan buru-belarri dabil Olentzero, eta Kottonio astoari karga nola arindu asmatu nahian! Badirudi, ondo portatu direla, Urumea bailarako herritarrak...

Sasoiko zaudete oraindik, zu eta Kottonio! Moldatuko al zarete, hainbeste opari ekartzeko?
Moldatu beharko! Baina ederki zaintzen dugu gure burua, eta seguru, aurtengoan ere, moldatuko garela! Gainera, Urumea bailaran laguntzaileak ere izaten ditugu...

Laguntzaileak? Nolatan?
Noski! Aukerarik ez duzue falta hemen. Badira jantzi dendak, oinetako dendak, jostailu dendak, pitxi dendak, bizikleta dendak... Eta herritarrek asko laguntzen digute, opari batzuk prestatzen.

Baina, opari horiek, orduan, ez al dituzue zuek ekartzen?
Noski baietz! Baina horregatik eskertzen dugu gutunak garaiz idaztea. Horrela, herritar batzuk lagundu egiten digute guztia aurretik prestatzen, eta gero, opari horiek jasotzen ditugu, behar den tokira eramateko... Baina den-dena ezingo dizuet ba, kontatu! 

Egiten duzuen ibilbidearen pistatxoren bat ez al diguzu emango?
Eskerrak indarrak biltzeko taberna eta ostaturik ere ez duzuen falta, Urumea bailara honetan! Horratx, pista ederra! Goizuetatik Aranorako bidea ez da motza, eta zer esanik ez, Aranorako aldapa! Handik Ereñotzura ere, ez dago tarte makala, eta segi gero, Hernani eta Astigarragara!

Lan gehiegi izaten duzue orduan...
Bai zera! Gustora etortzen gara Urumea bailarara; denetik daukazue hemen! Gainera, etxeetan ere sorpresa ederrak jasotzen ditugu lanean ari garen bitartean... Bai jaki goxoak!

Tarterik izaten al duzue ba, ezer ahoratzeko?
Olentzerok beti dauka tarteren bat, zer edo zer ahoratzeko! Baina ez nik bakarrik e! Kottoniok ere gustora hartzen ditu, herritarrek etxeetan uzten dizkiguten gutiziak!

Opariak banatzen aritzen zaretenean, ordea, ez zaituztegu apenas ikusten... Izango al dugu zuekin egoteko paradarik?
Nola ez ba! Olentzerok eta Kottoniok beti hartzen dute denbora, herritarrekin elkartzeko! Baita Mari Domingik ere! Astigarragara Gabon egunean, eguerdian iritsiko gara, eta Goizuetan eta Aranon barrena arratsaldean ibiliko gara; baita Ereñotzun ere, haurrekin kantari. Gero, Hernanira iritsiko gara, eta kalejiran ibili ondoren, udaletxeko arkupetan egingo diet harrera, azken eskariak egin nahi dizkidatenei.

Baina, nola egingo duzu hori guztia, egun bakar batean? Eta opariak banatu gauean, gainera!
Badakizue zein den sekretua? Urumea bailarako haur, gaztetxo, heldu eta zaharren maitasuna! Jasotzen ditugun muxu eta besarkadek ematen digute nahikoa kemena! Beraz, badakizue, txintxoak izan eta... laster arte! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!