Abenduaren 9an manifestaziorako deia egin dute Bakearen Artisauek, eta bat egin dute Bagoazek, Foro Sozialak, Etxeratek eta Sarek, «presoen gaia desblokeatzeko» asmoarekin.
Hori aurkezteko, hain zuzen, agerraldia egingo du gaur Hernaniko Sarek, arratsaldeko 19:00etan hasita, Sandiusterrin.
Bertan atxikimenduak batu nahi dituzte; horregatik, dei egin diete herritarrei bertaratzeko: «asmoa da herritarrak aktibatzea. Politikariak, sindikalistak... bai. Baina baita Hernaniko kirol edo kultur arloetako jendea ere, norbanakoak eta esparru desberdinetakoak», azaldu zioten Kronikari aurreko larunbatean.
Garraioa, Parisera joateko
Parisera joateko deia luzatu dute, beraz, eta horretarako garraioa jarriko dute. Tren bat bete da, eta beste bat ateratzeko saiakerak egiten ari dira, hain zuzen. Joan nahi duenak zerrendetan eman dezake izena: Hernanin, Garin eta Zinkoenea tabernetan, Peña okindegian eta Lurreko dendan; eta Ereñotzun, Irrintzi tabernan.