San Markos Mankomunitateko 2014ko aurrekontuak, baliogabetuta

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 9a, 01:00

«Albiste ona jaso dugu epaitegietatik», hasi zuen herenegungo agerraldia Luis In­txaus­­pe alkateak. Hain zuzen, az­ken egunotan jakin dute: «Es­painiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Hernani, Pa­sa­ia, Lezo, Astigarraga eta Usur­­bilgo udalok San Marko Mankomunitateko 2014ko au­rre­kontuen aurka egindako he­legitea, eta, ondorioz, baliogabetu egin ditu orduko au­rre­­kontuak». 
Eta hala jakinarazi zuten prentsaurrean Hernaniko, Usur­bilgo eta Oiartzungo udalek: «2014an, Hernanin, Asti­ga­rragan, Pasaian, Oiar­tzu­nen, Lezon eta Usurbilen hondakinen bilketa selektiboaren sistema ezarrita zeukaten. Horren ondorioz, udalerriek bere gain hartua zuten hondakinen bilketa. San Markos Mankomunitatearen bilketa zerbitzua, beraz, ez zuten erabiltzen udalerri horiek, eta, hala ere, Mankomunitateak urtero-urtero kobratzen zien zerbitzu horrengatik». Hori iku­sita, helegitea jartzea era­ba­ki zuten Udalek, tartean, Hernanikoak.
Izan ere, «irizpide horiek era­­bilita, atez ateko sistema ge­­neukan udalok, gure hondakinak biltzeak eragiten zi­tu­en gastuez gain, beste udalen (garai hartan Donostia, Urnie­ta, Errenteria eta Lasar­te-Oria) bilketa gastuak ere gu­re gain hartzera behartu gin­tuzten, gure tarifa nabarmen zamatuz, kaltetuz», azaldu zuten udaletako ordezkariek.

Epaia, hiru urteren ondoren
Hiru urteren ondoren jaso dute epaia: «gure herria eta herritarren mesedetan, orduko udal agintariek aurrekontu horiek errekurritzea erabaki zuten, eta erabakia hiru urte geroago etorri bada ere, pozteko modukoa da», adierazi zuten here­ne­gun. Epai horren arabera, beraz, «ez da legezkoa jasotzen ez den zerbitzu batengatik kobratzea», azaldu zuten.

«Ikusi beharko dugu epaia nola exekutatzen den»
Baina hemendik aurrera, eta kontuan izanda 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurritu egin zituztela, Udalek diote: «ikusi beharko dugu epaia nola exekutatzen den». 
Dena den, akordiorako bi­dea luzatu dute: «edozein ka­sutan, aurrera begira jarri nahi du­gu, eta publikoki adierazi nahi dugu gure prestutasuna 2018ko aurrekontuei begira ados­­tasunak lortzeko. Tarifak kalkulatzeko irizpideak be­rraz­tertzeko exijitzen diegu». Horretarako, dagoeneko eskatu dute Mankomunitatearen zuzendaritzarekin bilera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!