Tabakalerako Eskola Aldiriak deialdian hartu zuen parte aurreko ikasturtean Ereñotzuko Txirrita Ikastetxeak, eta dagoeneko lanean ari dira, etorkizun hurbil batean eskolako jolastokia eraberritzeko. Ikasturte hasierarekin ekin zioten prozesuaren aurreneko faseari, desioak eta nahiak biltzearena, eta bost saio burutu ondoren, herritarrekin lan egiten hasiko dira, bigarren fase batean.
Gaur izango dute lan horren aurkezpena jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan hasita, Auzo Etxean. Horretarako, Ereñotzura bertaratuko dira Ana Revuelta eta Andrea Arrizabalaga Tabakalerako hezkuntza teknikariak; beraiek baitira prozesua aurrera eramaten ari direnak.