Kontzentrazioa egin zuten atzo Zikuñagako Papelerako langileek zuzendaritzaren azkeneko erabakiak «plantilan sorrarazi duen ezinegona» adierazteko. Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, «makina berri baten instalakuntza aprobetxatu dute, aurretik almazenean eta produktu arriskutsuen deskargarako gunean zeuden kamerei, gehiago gehitzeko».
Eta erabaki hori ez dute begi onez hartu langile askok: «zalantza asko ditugu kamara horietako batzuekin, segurtasunaz aparte, langileen kontrolerako erabiliko direlakoan».
Gaiaren inguruan zalantzak argitzen saiatzeko eta akordio batera iristeko, «bilera bat eskatu genion Zuzendaritzari duela astebete, eta horren zai gaude». Dena den, ez daude oso itxaropentsu, eta ez dute uste bilera produktiboa izango denik.
Batez ere ikusita nola gauzatu diren azken asteotako ekintzak: «berandu informatu gaituzte erabaki honi buruz, kamerak martxan daude duela astebete», azaldu dute Zikuñagako Papelerako langileek.
Oraingoz, diote, ez dute mugimendu gehiagorik aurreikusi: «ikusi egin beharko da; akordiorik lortzen ez badugu, agian grebara joan beharko dugu, baina hori azkeneko erabakia izango litzateke».