Gipuzkoako Foru Aldundian alegazioa sartu duela jakinarazi du EH Bilduk prentsa oharrean, eta Udalean mozioa aurkeztu duela. Guztia, Foru Aldundiak egindako aurreproiektuaren kontra, «garraio zerbitzu publikoan murrizketak» proposatzen baititu.
Horrez gain, Astigarragako Udalak izandako «gardentasun falta» salatu du, eta azaroan gaia landu beharko dela azpimarratu du.
1.191 sinadura, herrian
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2017ko irailaren 7an argitaratu zuen Foru Aldundiak Tolosa, N1 eta Buruntzaldea eta Donostiako loturak izeneko aurreproiektua.
«Zerbitzu publikoan murrizketak» proposatzen dituela dio Bilduk, eta salatu du «Udal Gobernuaren eskutik informazio hau jaso ez izana, berriro ere Udalean dagoen gardentasun faltaren isla argia» dela.
Gauzak horrela, «Astigarragako EH Bilduk Foru Aldundian alegazio bat sartzeaz gain, herrian egin zen sinadura bilketan parte hartu eta urriaren 23an mozio bat aurkeztu zuen Udalean», azladu du. «1.191 izan ziren Foru Aldundian erregistratu ziren sinadurak», gaineratu du.
Herritarrekin landu beharreko gaia
Aurreproiektuan bertan zehazten diren neurriak ere salatu ditu EH Bilduk. «%30eko murrizketa egin nahi diote Astigarragak gaur egun duen garraio publiko bakarrari, A1 eta A2 autobus linea zerbitzuei (...). Gero eta herri haundiagoa garenean, autobus zerbitzua murriztea zentzugabekeria dela uste dugu».
Murrizketak ez aplikatzeaz gain, beste eskari bat ere badu alderdiak: «Astigarraga ospitaleekin eta unibertsitateekin lotuko duen zerbitzua berreskuratzea beharrezkoa ikusten dugu».
Guztia kontuan hartuta, EH Bilduk aurreproiektua bertan behera uzteko eskatu dio Aldundiari, eta «sindikatu, erabiltzaile eta inplikatutako udalerriekin prozesu bat martxan jartzea». Hain zuzen, horri lotuta, «azaroan zehar gaia landu beharko litzateke» EH Bilduren ustez, eta egun horretan, «herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu» nahi ditu.