Landaren bueltan izango da Hernani gaur, eta Santanderreko Independiente hartuko du, eguerdiko 12:00etan hasita. Ez dute partidu erraza izango trikoloreek, play offerako lehian sartuta baitago Kantabriako taldea, bosgarren; baina zailtasunak zailtasun, bigarren garaipena lortu beharra daukate, beheko postuetatik ateratzeko. 7 punturekin, 10garren postuan daude, La Vila azkenaurrenarekin berdinduta.
Etxeko babesa izan du beti indargune Hernanik, eta hori aprobetxatzea klabea izaten da. Baina oraingoz emaitzak ez dira nahi bezalakoak izan: sei partidutik lau jokatu ditu Hernanik Landaren, eta La Vilari bakarrik nagusitu zaio, erakutsitako jokoagatik askotan gehiago ere merezi arren. Etxeko bosgarrena izango da gaurkoa, beraz, iaz Landaretik garaipena eraman zuen talde baten kontra (18-22).
Errege Koparako txartelik ez da egongo jokoan
Partiduak balio bikoitza ere izan zezakeen, Errege Koparako txartela egon zitekeelako jokoan. Sistema aldaketarekin, Hernani, Independiente eta Bartzelonaren artean zegoen koparako plaza bat, beraien arteko partiduak bakarrik hartuta kontutan. Baina biei nagusitu zaie Bartzelona, eta beraz, berea du txartela dagoeneko, gaurko partiduan edozer gertatzen dela ere.