Memoriaren lekua eztabaidatuko du Udal Gobernuak batzordean

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 4a, 01:00

Gizarte zerbitzuak,  giza es­ku­bideak eta enpleguko ba­tzordea astelehenean bilduko da, 13:30etan, Pleno Aretoan eta gobernu taldeak memoriaren gune edo leku bat prestatzea planteatuko du bertan. PSE-EE udal taldearen eskain­tza baten erantzuna da Udal Gobernuak eman duena.
Gainera, eremu honek nolakoa izan behar duen aztertuko da. Aukera desberdinen artean,  eskultura bat edo biolentziaren biktimak oroituko dituen jardina egitea dira.
Orain gutxi, Udal taldeak prozesu partehartzaile bat jarri zuen martxan honen inguruan, bertan astigartarrek beraien aportazioak eta proposamenak egiteko. Horretarako, herriko puntu desberdinetan kutxak jarri ziren proposamenak bil­tzeko.
Prozesu parte-hartzaile ho­­rre­­tan bi proposamen bakarrik bildu ziren. Nahiz eta horrela izan gobernu taldeak gune hori eraiki behar dela uste du biolentziaren biktimak oroi­tzeko, Euskal Herriaren azkenaldiko historiaren parte baita.

‘Oroimena Bizigune’ egitasmoa ez doa aurrera
Astigarragako Udalak, Burun­tzaldeako beste bost udaletxekin batera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, bi aldiz abaiarazi nahi izan du memoriarekin lotutako, gazteentzako, proiektu bat.
Oroimena Bizigune ekimenak arrakasta haundia eduki zuen Errenterian 2015. urtean, baina ez da aurrera atera Buruntzaldean partaidetza faltagatik. 
Astigarragako Udalak, beste erakundeekin batera, lan egingo du alternatibak bilatzeko, gaz­teei erakargarri egingo za­iena memoriaren inguruan. Orain arte Oroimena Bizigunek ez baitu lortu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!