Eh Bilduk Ehunkaria aldizkaria banatu berri du Astigarragan. Proposatu eta egindakoak herritarrengana zuzenean helarazteko aldizkaria da eta banatu berri dena bigarren alea da. «Hiru hilero argitaratzeko konpromezua hartu genuen eta irailean banatu beharko litzateke baina eskolaren handipenaren Udal Gobernuaren proposamenaren zai egon gara eta aurreko astean jaso genuen» adierazi dute EH Bildutik.
«Hau dela eta aldizkariak ez ditu proposamenak osaturik jasotzen». Ale honetan, EH Bilduk bi urte hauetan hezkuntzaren azpiegituren gaian egindako lana laburbildu nahi izan du: haur eskola, Haur eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
Aldizkariak beste gai batzuk ere jasotzen ditu, hala nola, Urumea Berriko hitzarmen aldaketa, 2017ko aurrekontuaren gauzatzea eta gai laburretan autobus zerbitzua, Sagardo plaza...
Dagoeneko aldizkaria herriko etxe guztietan da eta jaso ez dutenak eta eskuratu nahi duen orok astigarraga@ehbildu.eus helbide elektronikora idazteko aukera du.