Hamahiru urte dira Axier Alberdi taxista lanetan aritzen dela. Orain bi aste, ordea, zerbitzua aldatu zuen: mugikortasun arazoak dituztenei egokitutako kotxea erabiltzen hasi da. «Harrera ona izan du herrian», dio.
Kotxe honetara igotzeko, atzeko aldean ateratzen den plataforma erabili daiteke. Horrela, guztira, bederatzi plaza dauzka taxi honek.
«Jendeak eskatu egiten du»
Urteetako lan esperientzia medio, Alberdik aldaketa hau egitea pentsatu zuen. «Ikusi nuen falta zela herrian; egokitutako taxien eskaera bazela». Horregatik, egokitutako bederatzi plazako kotxea erosi zuen.
«Taxistak berak erosten du lanerako erabiliko duen kotxea, eta, noski, horrelakoen kasuan gastua haundiagoa da; kontsumoa ere bai». Baina beharrezkoa zela ikusita, aurrera egitea erabaki zuen. Foru Aldundiaren laguntzak izaten direla ere azpimarratu du.
«Egokitua delako da bederatzi plazakoa. Horrek aurrera egin zezan, Buruntzaldeako Taxi Batzordeak onartu behar izan du, eta behin hori eginda, dagoeneko bi aste dira zerbitzua martxan daukadala. Harrera oso ona izan du herrian. Jendeak eskatu egiten du».
Egokitutako taxia eskatzeko, erreserba egitea komeni da. Telefonoz deitu behar da taxi zerbitzura, edo zuzenean, Alberdiri eskaera egin.
Erreserba egitea, hobe
Axier Alberdi, Hernaniko gainontzeko taxistak bezala, Urbieta kaleko geltokian egoten da, eta beste taxistek bezala ematen du zerbitzua.
Hala ere, mugikortasun arazoak dituztenei egokitutako taxi hau erabili nahi duenak, aurretik erreserba egitea komeni dela dio. Horretarako, telefonoz deitu behar da. Taxi geltokira bertara deitu daiteke, 09:00etatik 22:00etara, 943 55 52 16 zenbakira, edo 24 ordutan, 689 580 647 zenbakira. Bestetik, berriz, zuzenean Axier Alberdiren telefonora deitu daiteke: 686 832 388.