Gero eta aukera gehiago eskaintzen dizkio Gipuzkoak bertara etortzen diren turistei, eta horietan, azkeneko aukeretako bat, Galarreta Jai Alai frontoiak osatutako proposamena da. Izan erremontista egun batez izenburupean, ordubeteko bisita gidatua da, eta erremonteko partiduak ikusteko aukera dago.
Frontoiaren zehaztasunak, hasteko
Bost ataletan zatitzen da bisita. Aurrenekoan, Galarreta Jai Alairen eta erremontearen historia eta zehaztasun orokorrak ezagutzeko aukera izaten da, Xabi Gonzalez Galarretako kudeatzailearen eskutik.
Gaiaren oinarriak jarrita, kantxa izango da topagunea. Bertan Endika Barrenetxeak hartzen dio lekukoa Xabi Gonzalezi: bere burua aurkeztu, eta bere kirol preziatuaren inguruko azalpenak, bere esku geratzen dira. Aurrena, pelotak nola diren eta nola egiten diren azaltzen du; ondoren, gauza bera egiten du zestarekin. Material guztia ukitzeko aukera luzatzen du, egun erabiltzen duen zesta izan ezik: «horretan, inork ezin du eskua sartu!».
San Sebastian Region turismo bulegoan egin daiteke erreserba.
Bisitarien ausardia, erremontean trebatzen
Frontoia behatu, pelotak aztertu, zestan eskua sartu.... eta dagoeneko prest daudenean, erremontean aritzeko erronka egiten die Barrenetxeak gerturatzen direnei, Galarretan sartu eta orduerdira, gutxi gorabehera. Batzuk trebeago, beste batzuk gutxiago... baina denek izango dute aukera euskal tradizioan hain errotuta dagoen kirolaz gozatzeko!
Aurreneko hiru zati hauek egiterako, dagoeneko arratsaldeko 16:00ak izango dira, orduan, aprobetxatzen dute turistei apostuen sistema esplikatzeko: «frontoi honetan posible da apostu txikiak egitea 2 euroren truke, horretarako espreski jartzen den mostradorean», diote Galarreta Jai Alaiko antolatzaileek.
Partiduak ikusteko aukera, baita ere
Bisitaren azkeneko zatia, ordea, aukerakoa izango da. Ostegun eta larunbatero arratsaldeko 16:00etan hasten dira ohiko partiduak, eta horiek ikusteko eta erremontea gertutik bizitzeko aukera izango dute bisitariek, bukatzeko. Baita beren apostuak egiteko ere!
Erreserbak, astebete lehenago
Erreserbak San Sebastian Region turismo bulegoan bertan, haren webgunean, www.sansebastianregion.com, edo 943 551 023 telefonoan egin ahal izango dira. Dena den, Galarreta Jai Alaien bertan ere bisita pertsonalizatuak eskatzeko aukera dago: galarreta-jaialai.com.