Manifestazioa egingo dute bihar, Bilbon, 155 artikuluaren kontra, eta demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde. La Casillatik abiatuko da, arratsaldeko 17:00etan. Hainbat talde eta eragile daude, manifestazioa deitu dutenen artean: LAB, ELA, ESK, STEE-EILAS, CNT EHNE eta Etxalde sindikatuak, EH Bildu, eta Gure Esku Dago.
Eta bertara joateko deia luzatu diete herritarrei, Hernaniko Gure Esku Dagok eta EH Bilduk: «arbuiatu egiten ditugu 155 artikuluaren aplikazioa eta Katalunian gertatzen ari diren espetxeratzeak zein gertakari errepresiboak. Beraz, salatzen dugu inongo zilegitasunik ez duen Kataluniako Gobernuaren kargugabetzea, eta ez dugu ontzat ematen Espainiako Gobernuak eskumenak bereganatu izana», gaitzetsi dute deitzaileek.
Eta aldarrikatu dutenez, «auziaren edozein konponbiderako oinarria da, eskubide zibil eta politikoak errespetatzea, demokrazian sakontzea, eta erabakitzeko eskubidea aintzat hartzea».
Autobusa, Hernanitik
Bilbora joateko, autobusa jarri dute Hernanitik, arratsaldeko 15:30etan Atsegindegitik abiatuta. Txartelak, salgai daude 10 euroan, Oa eta Lurreko dendetan, eta Garin tabernan.