Hiru aste falta dira azaroaren 25erako; Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako. Baina dagoeneko, egun horren bueltako ekintzak antolatzen hasi dira Hernanin. Aurrenekoa, gaur bertan izango da, Berdintasun Kontseiluak eta Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta.
Volar dokumentala jarriko dute Biterin, 19:00etan hasita. Bertha Gaztelumendik zuzendua eta Emakundek ekoiztua, genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen ditu dokumentalak: «genero indarkeriaren kontrako lan ausarta da egin dutena», nabarmendu dute saioaren antolatzaileek.
Protagonistekin, solasaldia
Eta aurreratu dute, gainera, Biterin bertan egongo direla dokumentalaren protagonistetako bi. Beraiekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratuek, proiekzioaren ondoren, solaserako tartea zabalduko baitute, dokumentalean ikusitakoa komentatzeko.