Ezin zion hasiera borobilagoa eman Maialen Lujanbiok, Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Asteazkenean estreinatu zen Irunen, finalerdietako aurreneko itzulia, eta marka jarri zuen! Sekulako saioa egin, 750 puntu lortuta nagusitu, eta pauso erraldoia eman zuen finalera bidean.
Saio polita egin zuen Unai Agirrek ere, eta hirugarren izan zen, 667,5 puntu lortuta. Aitor Sarriegi sartu zen tartean, 705 punturekin. Atzerago geratu ziren Alaia Martin (651), Maddalen Arzallus (634,5) eta Aimar Karrika (605).
Hernaniarrek hasiera-hasieratik lortu zuten ikusleengana iristea, elkarrekin zortziko txikian kantatu zutenetik. Eta saio guztian egindako lan ona, kartzelan borobildu zuen Lujanbiok. Dena ondo zijoan argia piztu den arte gaia emanda, transexual baten paperean jarri zen: «Argia zegon itzalita ta, bertan biluztu naiz dena; ta bapatean piztu egin da, harri txiki xumeena; nere gerrira begira zaude, ez naiz uste zenuena». Sekulako txalo zaparrada jaso zuen bukaeran.
Lujanbio eta Agin Laburu, bigarren izulira; Agirre, gertu
Irungo saioarekin, dagoeneko 12 dira, finalerdietako aurreneko itzulian kantatu duten bertsolariak. Puntu gehien lortu ditu Lujanbiok, eta bosgarrena da Agin Laburu; beraz, bigarren itzulirako sei geratuko direnez kanpoan, aurrera egin dute Lujanbiok eta Laburuk. Lujanbiok Donibane Lohizunen kantatuko du, azaroaren 26an. Agirre zortzigarren dago, eta berak ere gertu dauka bigarren itzuli horretara pasea. Beste bi bakarrik behar ditu atzetik, geratzen diren bi saioetan.
Beñat Gaztelumendi, Maule-Lextarren bihar
Bi horietako aurrenekoa ariko da Beñat Gaztelumendi, bihar, Maule-Lextarren. Arratsaldeko 17:00etan izango da, Ororena jai-alain; eta ondoan izango ditu Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal.
Aitor Mendiluze Durangon ariko da, azaroaren 11n.