Luze jo zuen astearteko Plenoak, Hernaniko udaletxean; eta luze jo zuen, tartean, autobus zerbitzu publikoaren inguruko eztabaidak, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen aurreproiektua dela eta. Gaiaren inguruan, mozio bana aurkeztu zuten EH Bilduk eta EAJk, eta biak onartu ziren azkenean.
Baina mozioen txandaren aurretik, hainbat puntu landu zituen Plenoak. Aurreko akta bozkatu gabe geratu zen, Isa Sanchez zinegotziak datu batzuen zuzenketa eskatu zuelako. Ondoren, Kontuhartzailearen ingera ohar baten berri eman zuten, irailean egindako hainbat kontratazioren bueltan: Udal Euskaltegiko talde berrien irakasleak, eta Transpacarren oinarrizko heziketa klaseak emateko beste bat.
2016ko Hernani Erabakiko beste zazpi proiektu, aurrera
Eta jarraian, aho batez onartu zuten, bat egitea Hernani Erabaki prozesuko Jarraipen Batzordearen erabakiarekin. Tilosetako lurra konpontzeko, aurreikusitakoa baino 170.000 euro inguru gutxiago erabili dira, eta horrekin, 2016ko prozesuan atera ez ziren hurrengo zazpi proiektu bozkatuenak gauzatuko dira: Etxeberriko 7garren eraikineko eskaileretan malda bat egitea; Sorgintxulo plazan eta inguruetan hondakin ontziak jartzea; kiroldegiko kafetegi inguruan takillak jartzea; Zikuñagako ikastatxearen beheko aterpea itxi edo pertsianak jartzea; ipuin kontaketa saio gehiago antolatzea; Karabelgo parkeko lurra aldatzea; eta Karabelen hormigoizko ping-pong mahai bat jartzea.
Taxi tarifetan, %1,6ko igoera
Aho batez onartu ziren, baita ere, 2018rako taxi tarifak. %1,6 igotzea adostu eta proposatu da Buruntzaldea mailan, eta onarpena eman zion Plenoak.
Aho batez onartu ziren hurrengo bi puntuak ere. Batetik, udaletxeko langileen gertaera profesionalen estaldura Gizarte Segurantzarekin kontratatzea; orain arte mutuarekin zeukaten, eta langileen batzordeak erabaki du aldatzea.
Eta bestetik, zinegotzi guztiek konpromisoa hartzea, beraien eskuetatik pasatzen den informazio babestuari, dagokion trataera emateko, «eta inorren onurarako ez erabili edo filtratzeko», Inhar Olano EH Bilduko zinegotziak azaldu zuenez. Andoni Amonarraizek, EAJko bozeramaileak, galdetu zuen ea Udalarekin lan egiten duten guztiei aplikatuko zaien, eta Luis Intxauspe alkateak erantzun zion baietz, horretarako formazio saioak egitea aurreikusten dela.
Autobusen inguruko bi mozioak, onartuta
Eta ondoren, gai ordeneko bost mozioei heldu zieten. Aurrena, autobus zerbitzuaren inguruan aurkeztutakoak eztabaidatu zituzten. EH Bilduk eskatu zion Aldundiari, aurreproiektua bertan behera uztea, eta prozesu partehartzaile bat zabaltzea sindikatu eta erabiltzaileekin, «zerbitzuak murrizketa basatia izango duelako Buruntzaldean», Koro Etxeberria zinegotziak azaldu zuenez. EAJk, berriz, eskatu dio kontuan hartzeko aurkeztu diren alegazioak; Hernaniren lotura bermatzeko Donostia eta Buruntzaldearekin; eta lehiaketa publikora ateratzeko Buruntzaldeako Lurraldebus zerbitzua, behar duen berrikuntza eta berrantolaketa burutzeko.
PSE-EEko Ricardo Crespok, «alarma soziala» piztea eta gaiaren «erabilera politikoa» egitea leporatu zion EH Bilduri: «autobus batzuk hutsik joaten dira, eta horiek alferrikako gastua suposatzen dute. Egingo dena da, gastu hori murriztu, eta indartu behar diren beste autobus batzuetan erabili», azaldu zuen. Etxeberriak erantzun zion, alarma ez dutela beraiek sortu, «aurreproiektuak baizik».
Eztabaida luze baten ondoren, bi mozioak onartu ziren: EH Bildu eta Orain Hernaniren botoekin bat, eta EAJ eta PSE-EEren botoekin bestea, EH Bildu eta Orain Hernani abstenituta.
Ez zena onartu, Orain Hernaniren hurrengo mozioa izan zen, eskatuz biztanleen erroldara sarbidea izatea bermatzea, kasu berezietan alternatibak eskainiz. Bere harridura eta haserrea erakutsi zuen EH Bilduk, hori dagoeneko egiten dutelako, eta «udal langileekiko errespetu falta» delako; eta egiten dela berretsi zuten EAJk eta PSE-EEk ere.
Aldiz, aho batez onartu zen Orain Hernaniren beste mozioa, eskatuz alkatearen eta zinegotzi liberatuen agenda publikoa partekatzea, eta bidaiaren bat egitean, ateratako ondorioen berri ematea Udalaren webgunean.
Eta beste mozio bat ere sartzea eskatu zuen EH Bilduk, Kataluniako independentzia aldarrikapenari buruzko Udalbiltzaren adierazpena, aldarrikapenaren aitortza eginez eta zorionduz. Onartu egin zen, EH Bilduren botoekin; abstenitu egin zen EAJ, berandu jaso zutelako eta aztertu nahi zutelako; kontra bozkatu zuen PSEk; eta mozioaren sei puntuetatik bi babestu zituen Orain Hernanik.
Jakinarazi zuten, azkenik, hurrengo bi Plenoak areto nagusian egingo direla, ziurrenik; gaur hasiko baitira obrak, Pleno aretoan.