Puri-purian dago Bertsolari Txapelketa Nagusia, dagoeneko. Joan den larunbatean izan zen semifinaletako aurreneko saioa, eta gaur dute bigarrena, saio berezia. Izan ere, bertan ariko dira, txapelketako bi bertsolari hernaniarrak: Unai Agirre eta Maialen Lujanbio.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Artaleku kiroldegian, eta maila haundiko saioa espero da: Aitor Sarriegi, Lujanbio bezala 2013an finalista izandakoa; Alaia Martin, final laurdenetan puntu gehien lortu zituena; Maddalen Arzallus, eta Aimar Karrika.
Sarrerarik gelditzen bada, 15:00etatik aurrera salgai
Saioa ikusteko sarrerak, internet bidez eskuratu ahal izan dira. Sarrerarik gelditzen bada, kiroldegiko takillan jarriko dituzte salgai gaur, 15:00etan. 15 euro dira, gazteentzat 8 euro.
Baina gaurkoa ez dute saio bakarra izango hernaniarrek, finalera sailkatzeko, bi itzulitara jokatuko baitira semifinalak. Aurrenekoan puntu gutxien lortzen dituzten sei bertsolariak, kanpoan geldituko dira; eta gainerakoei, bi saioetako puntuak batuko zaizkie. Zazpi onenak, final haundira.
Joan den larunbatean, Agin Laburuk kantatu zuen aurreneko finalaurrekoan, eta ondo aritu zen. Finalera sailkatzeko aukerak mantentzen ditu astigartarrak, bigarrenerako.