Bereziki gogoan izango dituzte falta direnak gaur, Santu Guztien Egunean, eta kolorez beteko dute hilerria, hildakoei lore eskaintzak eginez.
Dagoeneko aurreko astean izan ziren hilerrian zenbait, loreak eramaten. Baina beste asko atzo gerturatu ziren lore dendatara eta azokara, lore ederrenak erostera, gaur hilerrira eramateko.
Beste hainbat, aldiz, Zikuñagako Ama kapillako kolunbariora joango dira, hildakoak bisitatzera. Izan ere, garai bateko ohitura berreskuratu dute bertan; hildakoak elizan hilobiratzekoa, hain justu. Horretarako, errauts-kutxak gordetzeko nitxoak jarri zituzten iaz.
Eta hildakoak bisitatzeaz gainera, mezak ere eskainiko dizkiete gaur, goizetik eguerdira. Urteroko ordutegia izango da: goizeko 09:00etan Agustinetan, 10:00etan Ereñotzuko San Antonion, 11:00etan Floridako San Jose Langilean, eta 12:00etan San Joan Bataiatzailea parroki elizan.
Arimen Egunean, beste bi meza bihar
Bihar, berriz, Hildakoen edo Arimen Eguna izango da, eta beste bi meza ospatuko dituzte Hernanin, ohi bezala. Goizeko 09:00etan, Agustinetan egingo dute; eta arratsaldean, berriz, 19:00etan izango da San Joan Bataiatzailea parrokian.