Ez da asteburu onena izan joan dena, pelotari hernaniarrentzat, Gipuzkoako Txapelketan. Guztira, 14 partidu irabazi dituzte, eta 16 galdu.
Porrota mingarrienak, jubeniletan eta seniorretan jasotakoak izan dira. Urkizuk eta Labakak, aurreneko postua zeukaten jokoan, seniorren 1go mailako azkeneko jardunaldian, Egiguren eta Saralegiren kontra. Baina ez zuten bere partidu onena jokatu, eta 11-22 galdu zuten Hernanin. Hori horrela, semifinaletara sailkatu bai, baina etxetik urrun jokatu beharko dute, bigarren izan ondoren. Alegian ariko dira.
Arizmendi eta Insausti jubenilek, berriz, final laurdenetan galdu zuten, Añorgan, Orbegozo eta Olidenen kontra. Beraz, txapelketatik kanpo geratu dira hernaniarrak.
Albiste ona, kadeteen emaitzak izan dira. Aurrera egiteko aukerarik ez izan arren, lau partiduak irabazi dituzte, egunetik egunera hobekuntza erakutsiz beraien jokoan.