‘Handia’ sei egunez egongo da Biterin, bihartik datorren astelehenera

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 31a, 01:00

Sei eguneko egonaldia egingo du Handia filmak, Biteriko aretoan. Bihar hasi eta astelehenera bitarte, egunero jarriko dute; zazpi saio guztira.
Bihar arratsaldeko 19:30etan emango dute estreinakoz, eta ordu berean jarriko dute etzi ere, baina berezia izango da bigarren saio hori.

Solasaldia etzi, filmeko zuzendari eta aktoreekin
Izan ere, solasaldia ere egingo dute, pelikula ikusi ondoren. Gainera, bertan egongo dira filmeko egileetako batzuk: Jon Garaño zuzendari astigartarra, eta Eneko Sagardoy eta Iñigo Aranburu aktoreak. Iurre Telleriak gidatuko du saioa.
Ostiralean, berriz, gauean jarriko dute filma, 22:30etan; larunbatean bi saio izango dira, 19:30etan eta 22:30etan; igandean 19:30etan emango dute; eta astelehenean, buka­tzeko, arratsaldearen hasieran izango da, 16:30etan.
12 urtetik gorakoei zuzenduta dago filma, eta euskeraz emango dute, zazpi saioetan, gaztelaniazko azpitituluekin.
Ikusmina sortu du, Do­nos­tiako Zinemaldian bi sari jaso ondoren: Epaimaha­iaren Sari Berezia, eta Euskal Zinearen Saria. Urriaren 20an iritsi zen zine aretoetara, eta Biterin ikusi ahal izango da bihartik, Altzoko Handiaren historia kontatzen duen pelikula, be­ne­tako gertaeretan oinarritua.
Lehenengo Karlistadan bo­rro­katu ondoren, bere etxera bueltatuko da Martin, eta bertan, bere anaia gaztea, Migel Joakin, askoz ere haundiago to­patuko du, gaixotasun bat tar­teko, hazi eta hazi egingo da, gainera. Europako hamaika tokitan, ordaindu egingo dute kontinenteko gizonik altuena ikusteko, eta bidaia luze bat hasiko dute bi anaiek. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak, betirako aldatuko dute eleizegitarren familiaren patua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!