Hil zenetik 80 urtera, bizirik da Txirrita

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 4a, 02:00

JON ALTUNA IZA ‘OXAN’

1936ko ekainaren 3an hil zenetik, 80 urtetan, hainbat euskarritan egin dira Txirritaren ai­pamenak. Ordurako ia Eus­kal Herri osoan zen bertsolari ezaguna; hainbat kontu zein ber­tso ahoz aho iritsi dira gaurdaino. Hil aurretik ehunka bertso argitaratu zituen, Erren­teriako Makazaga moldiztegian 1931 eta 1932an inprimitu zen Bertso­la­riya astekarian. Gerora, horietako asko jaso dira liburu, dis­ko eta baita telebistako ma­rrazki bizidunetan ere.
Txirritaren hainbat bizipen, gertaera, ateraldi eta bertso argitaratu zituen Antonio Za­balak Auspoa sailean, lau liburutan, 1962, 1971, 1976 eta 1992an (www.euskaltzaindia.eus-etik jaitsi daitezke); Juanjo Uriak idatzitako liburua argitaratu zuen Udalak 1986an, heriotzaren 50. urteurrenean; Xabier Le­tek eta Antton Valverdek aho­tsa jarri zieten Txirritaren bertsoei 1975ean; Letek berak idatzitako Gabon Txirrita lana antzeztu zuen Buruntza taldeak Urnie­tan 1982an (aurten berriro eman­go dute irailaren 10ean Donostiako Euskal Jaie­tan eta irailaren 23an Urnie­tan); ETBk 1992tik hainbat aldiz eman ditu Txirri­taren bizitzari buruzko marrazki bizidunak, gutxi gorabehera 8 minutuko 52 atal (YouTuben ere ikusi daitezke). Txirritaren bizi­tza eta pertsonari egindako ai­pa­­­menetako batzuk besterik ez dira horiek guztiak.

Hargina bertsolari
Horietan Txirritaren bizimodu­aren hainbat zertzelada ematen dira. Jakina da Latxen jaio zela; gero bera mutil koskorra zela, guraso eta anai-arrebak Errenteriako Txirrita baserrira joan zirela bizitzera; eta 60 bat urterekin, Isabel arreba eta Jose Manuel Erauskin koinatuarengana Altzako Gazteluene baserrira. Han eman zuen azken ar­nasa. Hargina izan zen ofizioz, eta bertsolaria afizioz. Dena den, urteetan aurrera egin ahala, bizimodua atera zuen bertsolari gisara. 1936ko urtarrilaren 19an txapela jantzi zuen Victoria Eugenian egin zen Euskal Herriko II. Bertso­la­ri Txapelketan. Adierazgarria da Zeruko Argiak 1936ko uztailaren 4an Txirrita hil da artikuluan esandakoa: «Txirrita ezagutzen ez duen euskaldunik ez da izango. Hain zen ezaguna». 
Wikipedian ez da hargina zela aipatu ere egiten. Zera dio Txirrita bertsolariaz, bere ospeak Gipuzkoako mugak gainditu zituela, eta XX. mendearen lehen­biziko erdialdean Euskal Herri osoan famatu zela: «min­­­­gain zorrotz eta bizkorreko ber­tsolaritzat nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak herriaren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren ber­tsoetan, garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da».

Produkzio haundia
Bizi zuen garaia ezagutzen zuela erakutsi zuen Txirritak, orduko gertaerei zein kezkei buruz idatzi zituen hainbat bertso sortatan (gutxienez ba­di­ra 69 sarean): gerrak, huelga, foruen galera, ama euskera, Norteko trena, neskazaharrak, nagusi eta maizterrak, besteak beste. Ia denak irakurrita ditu Unai Agirre bertsolariak, umetan zaletu baitzen: «magia zuen, inoiz ikusi ez nuen per­tsona baten hainbeste istorio eta bertso nekizkien...».
Unai Agirreren iritziz, altxor haundi bat dira Txirritaren ber­tsoak: «idatziz izugarria da, oraindik balioa dute haren ikuspuntuek. Beste bertsolariek ez duten zerbait dauka, hizkuntzaren aldetik, esamoldeak inork egin ez dituen moduan eginak... Ez zekien irakurtzen baina nonbaitetik ateratzen zuen informazioa. Munduaren ikuskera oso berezia zuen».
Gai sozial eta politikoei ez zien muzin egin. Sakontasunez jorratu zituen. Koldo Izagirre idazlearen iritziz, ikuspegi sozial hori Pasaiako portuan jaso zuen, Altzan, Gazteluenen, bizi zen garaian, Antxotik oinez 10 minutura. Egin zituen hainbat ekarpenen artean, «aberats famatua zuregana nator, hainbeste ez du biltzen dabilenak jator» nabarmendu daiteke.
Juanjo Uria bertsozalearen aitona, Txirritaren lagun eta lankide izan zen. Bere iritziz, oso gizon langilea eta jakin­tsua zen, oro har, kontrakoa uste bada ere. Zirrara eragin eta arrastoa utzi du beregan. «aitonak umetan kantatzen zizkidan bertsoak, ez ditut 50 urtetan ahaztu. Beste asko bai, baina hauek ez».

‘Txirritaren lendabiziko bertso lagunak’ sortan, bost bertsotan kontatzen du 14 urterekin non kantatu zuen lehen aldiz, noiz eta norekin, ze ibilbide egin duen eta hil eta gero ere gogoratuko dutela.

Txirritaren poetika
Koldo Izagirrek Ereñotzun eman­dako hitzaldian esan zuen, Txirritak bere bertsoetan erakutsitako lirika xumearen parekorik ez duela ezagutu berak poesia kultuan: «ez zen poeta, baina poetika zeukan, horregatik da hain bertsolari haundia... poetika naif-a, apaina eta liluragarria». Izagirre­ren iritziz, Txi­rri­taren bertsoak ikusi egiten dira, irudiz bete­tzen ditu, eszenatokiak sortu, adibidez, zuhur­tzia esateko «zazpi pausu aurrera eta beste zazpi atzera», dio.
Txirritak ez zuen idazten ikasi, baina hainbat bertso argitaratu zituen. Gazteluene baserrian, Joxe Manuel Eraus­kin Lujanbio ilobak idazten zizkion, berak kantatutako sortak. Asko goraipatu da Aita Zabalak herritarren ahotik bat-bateko ber­tsoak jasotzeko egindako lana. Aurretik, Juan Joxe Maka­zaga errenteriarrak bertsoak argitaratzeko egindakoa ere aipagarria da. Inprentako nagu­siak, 1930ean bi liburuxka argitaratu zituen, Txirritaren Testa­men­tu­a izenburuarekin. Bertso asko, berberak dira bi edizioetan. 
Gero, 1931ko irailetik 1932ko abendura arte, astero lau orriko berripapera argitaratu zu­en, Bertsolariya goiburuarekin eta 15 xentimoren truke saldu. Guztira Txirritaren 30 sorta, 300 bertso baino gehiago. Ho­nek konpromisoa hartu zuen astero sorta bat egiteko, Ber­tso­lariyaren lehen zenbakian esaten denez: «Txirritak itza eman digu, astero orri bat osoa beteko dubela bere bertso berriyakiñ». Garai hartako ia 80 bertsolariren bertsoak jaso zituen Bertsolariyan Maka­za­gak, batzuk oso ezagunak; esaterako, Pedro Mari Otaño, Bi­lintx, Xenpelar eta Iparragirre. 

Testamentua
Bertsolariak berak aukeratutako bertsoen bilduma aipatu­ta­ko Errenteriako Makazaga mol­­diztegiak argitaratu zuen: «Txi­rritaren Testamentua, TOMO 1, 4.00» jarri zuten portadan, be­raz, pentsa daiteke gehiago ere egiteko asmoa zuela, eta 4 pezeta izango zuela salneurria or­du­an. 125 bertso dira Txi­rri­ta­ren testamentuaren lehen argitalpenean, «120 bertso, 1930ga­rren urtetan berak bildubak» jarri arren. Lehen orrialde horietan, «JABIA BADU Debekatua berriz argitatzia» ere jartzen du ber­tso bildumaren aurretik.
Txirritaren lendabiziko ber­tso lagunak izenburua duen sortak ixten du liburua. Hor ai­patzen du lehen aldiz non kantatu zuen. 14 urte zituen: «Milla zortzireun irurogei ta amalau urte urrian, San Anto­nio dei­tzen diyogun ermita ba­ten au­rrian»; beste lau lagunekin, eta ordutik egindakoa: «Gazte-gazterik asi nitzan da, orañ daño bitartian, zenbait umore eder jarri det, Kantabria'ko partian; pixka ba­tian ez naiz aztuko, sartuagatik lur-pian, nere aitamenak izango dira, beste larogei urtian».

Milla zortzireun irurogei ta 
amalau urte urrian, 
lehenengo plazan kantatu nuen nik Ernani'ko lurrian, 
San Antonio deitzen diyogun ermita baten aurrian, 
lagunak alkar ixtimatuaz 
lengo oitura zarrian

Gazte-gazterik asi nitzan da 
orañ daño bitartian  
zenbait umore eder jarri det Kantabria'ko partian;
pixka batian ez naiz aztuko 
sartuagatik lur-pian, 
nere aitamenak izango dira beste larogei urtian

Katea ez da eten
Aitonak erakutsi zion Juanjo Uriari, Txirritaren lendabiziko bertso lagunak bertso sorta eza­guna, Zikuñagan. Orain bilo­bak lokartzeko kantatzen du: «be­ra­iek eskatzen didate. Aito­na, bertsoak. Gozamena da. Niri aitonak duela 60 urte erakutsi zidana, ari naiz ni bilobei erakusten. Katea ez da eten. Ilu­sioa eta emozioa sor­tzen dit».
Auspoaren liburua atera zenean, erosi eta aitonari eraman zion Juanjok ukuilura: «bertan aitonak kantatzen ziz­kidan bertso batzuk, liburuan zeuden. Beste batzuk kan­ta­tzen nizkion eta aitonak esaten zidan: Hori ez da hola. Nola ez da ba hola izango, gizon jakintsu batek idatzi du hau. Hura oso jakintsua izango da, baina Txirritak ez zuen ho­ri hola kantatu, esaten zidan»

Latxen sortua
Ereñotzun bota zituen lehen bertsoak mutikoa zela; Hijos de Jaime Puig Latxeko egur eta ozpin fabrika eraikitzera etorritako hargin andaluzetako bati kantatu zion, gerora hain ezaguna egin den ondorengo bertsoa: «Aiziak biali du andikan onuntza, geroztik emen dabil gure andaluza; argiñ ona zala ta zakurraren putza, bera eroriko dek, ez akiyok bultza». Gaur egun fabrika itxita dago eta jaiotetxea erorita. Horma bat besterik ez du zutik, eta ondoan oroigarria Txirritaren aurpegiarekin.

Irabazi ahala gastatu
Izena eman zion Txirrita baserrian jarraitu zuen, 60 bat urte zituela, Altzako Gazteluene ba­serrira erretiratu arte. Auzo har­tako Saiburu eta Telleri Txiki baserrietako bertsolariekin ibili zen, sarri, hara eta hona, etxetik kanpo. Behin gal­detu zioten, «Txirri­ta, non hago ostatuz», eta be­rak eran­tzun: «hementxe, irabazi ahala gastatuz».
Hernanira asko etortzen zen Txirrita, lagun zuen Olega­rio Garinengana. Anton Garin bere birbilobak kontatu digunez, asto-karroan joaten ziren herriz herri. Gazteak zirenean oinez ibiltzen ziren. 

Urtero Ereñotzun
Auzoan oroitzen dute urtero etortzen zela Txirrita, Saiburu lehengusuarekin Sanantonio­tan kantatzera. Ibon Minerrek kontatu digu berari aitonak esa­na: «Eliza parean, errepidearen beste aldean dagoen Txo­ko­latene etxeko leihotik kanta­tzen zuen Txirritak, eta bidearen bestaldean zegoen ur de­po­situ baten gainean aulki ba­te­an eserita Saiburu lehengusuak, entzuleak errepidean zirela».
Bat-batean txispa haundiko pertsona zen Txirrita, ateraldi bikainak zituen. «Ziri­ka­laria» zela idatzi zuten Zeruko Argian, hil zenean. Ahots ederra zuen, ondo kantatzen zu­en, eta plaza osoan entzuten zen, megafoniarik gabe ordu­an, jakina. 

Mutil zaharra 
Anai zaharrena zen, maiorazkoa, baina ez zen ezkondu eta gurasoen Txirrita baserrian gel­ditu. Gaztetan, txanponak iza­nez gero, sagardotegi eta ta­­bernetara joateko joera haun­diagoa omen zuen, lanera joateko baino.
Diotenez, izan zuen andregairen bat, eta horrela adierazi omen zion, ezkontzeko asmorik ez zuela: «Ni egunean bost pezta irabazteko kapaz naiz (asko omen zen ordurako). Bai­na egun berean sei pezta gastatzeko ere bai. Eta biok gaizki bizitzea baino, hobe izango da bat bakarrik gaizki bizitzea».
 
Txapela
Blusa beltza eta txapela jantzi ohi zituen Txirritak; gaurdaino heldu diren bospasei argazkietan, horrela ageri da. Eta kan­tatzerakoan, txapela eran­tzi. 1935eko Bertsolari Txapel­ke­tan bigarren izan zen Base­rriren atzetik, eta 1936an jantzi zuen txapela.
Urumea ondoan eman zituen lehen pausoak Txirri­tak... eta azkenak ere bai. Duela 80 urte, Goizuetan kantatu aurretik hamaiketakoa egin eta ondoezik sentitu zen; Altzako Gazteluene baserrira eraman zuten autoan, eta hiru egunetara hil zen, esan bezala, 1936ko ekainaren 3an, Fran­coren altxamendua hasi baino aste batzuk lehenago. Tropa faxistak Hernanin sartu zirenean, Aitzol eta Txirri­ta­ren­gatik galdetu zuten. Urria­ren 17an fusilatu zuten hura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!