Atzo banatu zituen Hernaniko Argazki Forumak urriaren 8an egin zen Argazki Rally Digitaleko sariak. Guztira, 8: horietatik 3 haurren kategorian; beste bat mugikorrekin ateratakoen artean; eta beste 4, helduen artean.
Guztira, 50 partehartzailetik gora izan dira aurten, eta pozik agertu dira antolatzaileak. Hala ere, aurten gaztetxo gutxiagok hartu dute parte.
Eneko, Lide eta Saioa, argazkilari gazte onena
Umeen kategoriari dagokionez, hiru sari desberdin banatu zituzten atzo.
Batetik, argazki bilduma onenaren saria eman zioten Eneko García Monteirori. Bestetik, Argazki Bitxiena izendatu zuten, Lide Irazu Pagolak ateratakoa. Eta azkenik, Argazki Atseginenaren saria eman zioten Saioa Irazu Pagolak ateratakoari.
Helduen artean, Arnaiz, Garcia, eta Lopez eta Lopez
Beste lau sari helduen kategorian banatu zituzten; hiru orokor, eta beste bat hernaniarren arteko onenari.
Orokorrei dagokienez, Bilduma Onenaren saria Xabier Arnaiz Etxeberriak jaso zuen. Bigarren Bilduma Onenaren izendapena, berriz, Fernando Garcia Chouzaren lanarentzako izan zen, eta Rallyko Argazki Onenarena, Enara Lopez Munduaterentzat. Hernaniar batek egindako Bilduma Onena, Mariano Lopez Navarreterena izan zen
Mugikorrarekin iaioena, Romero
Aurtengo nobedadea izan da, aurreneko aldiz, argazkia telefono mugikorrarekin ateratzeko aukera ere izan dela, eta baita saria irabazteko aukera ere. Hain zuzen, mugikorrarekin ateratako argazkiekin osatutako Bilduma Onenaren saria jaso zuen Carlos Romero Bilbaok.