«Gizartearen aktibazioak bultzarazi dezake gobernua, presoen gaiari heldu eta mugitzera»

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 4a, 01:00

«Presoen gaia desblokeatzea da kontua», azaldu dute Her­naniko Sareko kide diren Bego Arrondok, Aitziber Larra­mendik eta Itziar Mujikak. Ho­rixe lortzeko helburua dauka Bakearen Artisauak abenduaren 9rako antolatzen ari diren Parisko manifestazioak, eta bat egin dute Bagoazek, Foro So­zia­lak, Etxeratek eta Sarek. Eus­kal Herri­an bakearen alde, orain presoak! lelopean, «euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia deusezta­tzea» eskatuko da.
Bertara joateko 1.000 lagun eramango dituen trena bete da dagoeneko, baina izena emateko zerrendek irekita jarraitzen dute. Hernanin, Garin eta Zin­koenea tabernetan, Peña okindegian eta Lurreko dendan jarritako zerrendetan eman daiteke izena, eta Ereñotzun, Irrintzi tabernan. «Beste tren bat lortzeko saiakera egiten ari da, eta baita autobusak ere. Adinekoek eta umeekin joango direnek lehentasuna izango dute trenean joateko. Horre­gatik, inportantea da zerrendetan izena ematea, antolatu ahal izateko». Auto­bu­serako txartelak 65 euro balio ditu, baina langabetu eta gazteen­tzako laguntzak ematea aurreikusten dute. 

«Denon arteko elkarbizitzarako, egoera aldatu beharra dago»
Azken urteetako egoera politikoaren baitan, «Espainiako Gobernuak beste jarrera bat izatea espero» zutela diote, baina gauzak ez direla aldatu, eta horregatik, eskaerek betikoak izaten jarraitzen dutela: «Presoei graduz aldatzeko au­kera ematea, zigorraren 3/4ak beteak dauzkatenak ateratzea, baldintzapeko askatasunak ema­tea, gaixo larriak aska­tzea, adineko presoak aska­tzea, frantziar zein espainiar es­tatuan egindako espetxe zi­go­rrak batzea... Azken batean, salbuespen legedia deu­sezta­tzea es­katzen dugu».
Hernaniren kasuan, 20 dira preso dauden herritarrak, eta horietatik 19 daude lehenengo graduan; bakarra, hirugarrenean. Horien artean, bereziki kezkatzen dituzte Gari Arru­arte eta Baldoren kasuek. «Lan-talde berezi bat ardura­tzen da kasu hauetaz. Gari Arruarte preso gaixo larrietako bat da, eta Baldok, berriz, kondenen batuketaren erruz barruan badago ere, aspaldi behar zuen kalean». Era berean, Ibon Fernandez Iradi ere kontuan hartzen dute, baina Lasarteko taldea arduratzen da gehiago bere kasuaz.

«Badirudi Frantziako Justizia Ministerioarekin hitz egiteko bidea irekitzen ari dela. Eta Frantzia mugitzen bada, agian Espainia mugituko da»

«Alderdi politikoetatik egiten diren ahaleginak nahiko antzuak dira. Horregatik, Bakearen Artisauen dinamika, herritarrak aktibatzea, ezinbestekoa da. Luhuson abenduan (Bakearen Artisauak atxilotzean izandako erantzuna) eta Baionan apirilaren 8an (ETAren armagabetze egunean) ikusitakoaren ondoren, badirudi Frantziako Justizia Ministerioarekin hitz egiteko bidea irekitzen ari dela. Eta Frantzia mugitzen bada, agian Espainia mugituko da. Gizar­tearen aktibazioak bultzarazi dezake gobernua, gaiari heldu eta mugitzera».
Bide horretan ari da lanean, Hernaniko Sare ere. «Gu astero elkartzen gara. Talde txikia gara, baina gero beti dago jendea laguntzeko, beste sare txiki batzuk sortzeko. Gure filosofia saretzea da, eta ahalik eta aniztasun haundiena bila­tzea: Osakidetzarekin, Hezkun­tza­rekin... arlo askorekin lan egitea». Zentzu horretan, adibidez, garrantzitsutzat jo dute uztaileko Plenoan onartutako mozioa. «Gaixo dauden presoen inguruko mozioa onartu zen, aldaketa bat edo beste eginda, alderdi guztien oniri­tziarekin. Eta ez da hori bakarrik; preso gaixo larrien herrietako 11 Udalek konpromisoa hartu zuten Espetxe­eta­ko Zu­zendaritza Nagusiarekin ha­rre­­ma­netan jarri eta kasuei ja­rraipena egiteko».
Beraz, horretan segiko du­tela argi daukate. «Asko erreta daude, etsita. Baina pausuak eman dira eta jarraitu behar da horretan, berandu baino lehen. Sinisten dugu denekin egin behar dugula lan. Denon elkarbizitzarako, egoera aldatu beharra dago».

Agerraldia, azaroaren 9an
2017a «erabakiorra» izango ze­la argi izan du Sarek, eta zen­tzu horretan, urte honetan zehar lanean aritu dira: «politikariekin salbuespen egoeraren inguruan sakondu, urtarrileko Bil­boko manifestaziorako indarrak bildu, Nazioar­teko harre­ma­netan sakondu, Foro So­zialarekin elkarlanean aritu...».
Baina herritarrak aktiba­tzeko helburuari segika, herriz herri lanketa zehatzak ere egiten ditu Sarek. «Hernanin asmoa daukagu Hezkuntza arloarekin lan egiteko, kontuan har dezaten senideak kartzelan dituztenen umeen egoera psikologikoa, eskola orduak galdu beharrak daukan eragina... Horri helduko diogu orain».
Baina bitarte horretan, Pariseko manifestazioa, eta on­­doren, urtarrilekoa, Bilbo­koa, dituzte buruan. «Aza­roa­ren 9an agerraldia egingo dugu San­dius­terrin, 19:00etan, aben­du­aren 9ko Pariseko mani­fes­ta­zi­orako atxikimenduak bil­tzeko. Asmoa da herritarrak aktiba­tzea. Politikariak, sindikalistak... bai. Baina baita Hernaniko kirol edo kultur ar­loetako jendea ere, norbanakoak eta esparru desberdinetakoak».

Kartzeletan barrena itzulia, Parisen elkartzeko
Beste hainbat herritan ere egingo dira bestelako agerraldiak, eta Iparraldean ekintza gehiago ere prestatu dituzte. Horietako bat, Frantziako Es­ta­tu­ko kartzeletan barrena egingo den itzulia; azaroaren 16an hasita, Tolosa, Marseilla, Lyon, Poitiers, Nantes, Rennes eta Lilleko kartzeletan barrena egingo da, Parisekoetan buka­tzeko, eta abenduaren 9an ma­nifestazioarekin bat egiteko.
Gauzak horrela, «gizarte zibilaren aktibazioa» oso ga­rrantzitsua dela azpimarra­tzen dute behin eta berriro Hernaniko Saretik, eta herritarrak animatu dituzte ekimenekin bat egitera. «Bonoak ere aterako dira; Parisera joan ezin duenak, nahi badu, bonoen bidez ere lagundu ahal izango du». Informazio gehiago zabalduko dute pixkanaka. «Pa­ris Luhuso izan zena b­i­hur­tzea da helburua; 10.000 lagun bildu nahi ditugu. 5.000 badira ere, ondo. Baina 25.000 badira, hobeto!». 

HERNANIKO SARE
- Asteartero biltzen da taldea, 18:00etan Biterin.
- Azaroan zehar, asteartetan bildu beharrean asteazkenero bilduko dira.
- Ateak zabalik izaten ditu beti Sarek, ahalik eta talde anitzena osatzeko asmoz, eta saretzen jarraitzea da asmoa; laguntzeko prest daudenekin beste sare txiki batzuk osatzekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!