Alazne Benitez: «Gortasuna ikusten ez den ezgaitasuna izanik, zeinu hizkuntzak muga horiek puskatzen ditu»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 28a, 02:00

Zeinu hizkuntza berdina al da mundu osoan edo herrialde bakoitzak berea du?
Herrialde bakoitzak bere zeinuen hizkuntza du. Esan behar da badagoela zeinu hizkuntza unibertsal bat, baina jende gutxik daki. Erabaki zen nazio­ar­teko zerbait egitea, baino oso gutxik ikasi dute. Gauza gutxitan erabiltzen da»  Eskualdetik eskualdera zeinuak aldatu egiten dira eta ez dira berdinak. Gainera Gipuzkoan edo Bizkaian erabiltzen dena eta Bartze­lonakoa esaterako desber­dinak dira. Estatu mailan badago zeinu hizkuntza espainiarra eta gero erkidego bakoitzak berea badu. Hemendik Bizkaiara ere aldatu daitezke zeinuak. Hala ere euskal zeinu hizkuntzarik oraindik ez daukagu, baina kataluniarra badago. 

Zeinu hizkuntza gorrak ere ikasi behar izaten dute. Non hasten dute formakuntza?
Gortasuna dutenek umetatik AransGi elkartera eramaten dituzte eta hez­kuntza jasotzen dute zeinu hizkuntzan edo logopedian. Hala ere bada gutxiengo bat bidean geratzen dena. Zeinu hiz­kuntza dakitenak gutxi dira eta gutxi ari dira ikasten. Formakuntza tekniko bat dutenak gutxi daude. Beste batzuk kurtsoetan ikasten dugu esaterako 320 orduko ikastaro batean eta hiru maila daude. Badago hezkuntzan lana egiten duen jendea edo arretan jarduten direnak eta kurtso hori egiten dute. Tekinari mailan Hernanin esaterako ez dira hiru baino gehiago egongo.

Beraz jendea falta da zeinu hizkuntza menderatzen duena?
Dudarik gabe. Edozer gauzetarako behar dute gorrek. Komunikatzeko. Udaletxera zoazela, edozein gauza publikotan, hitzaldiak, zinea, gauza asko dago egiteko eta asko falta da gorren bizimodua hobetezeko.

Nola moldatzen dira gortasuna dutenak eguneroko bizitzan?
Ezgaitasunen artean gorrak dira ezkutu­en daudenak. Irisgarritasun neurriak hartu dira eta jendea oso kontzien­tziatuta dago gai horrekin. Kiroldegiak, kaleak, kultur etxeak, udaletxeak... leku asko egokitu dituzte horretarako, baina gorrentzako oztopek hor jarraitzen dute.   Gorrak oraindik ezin dira komunikatu medikuarengana joaten badira, lagun­duta ez baldin bada. Ezin dute udaletxe batera joan eta bertako funtzionario batekin zeinu hizkuntzan komunikatu.

Zeinu hizkuntza ikasi nahi baldin badu norbaitek nora joan beharko luke?
Gipuzkoako Gorren Elkartera joan beharko luke; ikastaroak antolatzen dituzte. Tolosa eta Goierrin Gainditzenek ere antolatzen ditu. AransGi da gorrei beraiei eskaintzen dietena eta Gipuzkoako Gorren Elkarteak nahi duenari ematen dizkio. Lanbiden ere ematen dira gutxi batzuk, baina batez ere bi elkarte horiek ematen dituzte Gipuzkoa mailan.

Gomendatuko al zenuke ikastaroa egitea?
Dudarik gabe. Brailea ikastea bezala. Eta gehiago esango nuke, hezkuntza mailan ere erakutsi beharko litzateke zeinu hizkuntza. Ikastoletako umeei. Gutxieneko bat behin­tzat era­kutsi beharko litza­teke gorrak diren pertsonak diskrimi­natuak ez izateko. 

Horri horrela izanda ez al litzateke beharrezkoa, esaterako, entitate publikoetan zeinu hizkuntza menderatzen duen norbait egotea?
Zerbitzu publiko bakoitzeko egon behar lirateke zeinu hizkuntza menderatzen duten langileak. Bat gutxienez edo hobe esanda, bat baino gehiago. Bizitzako edozein alorretan, jendeak erreparatzen ez duena, gor batentzat oztopo haundia da. Eta zeinu hizkuntzak muga horiek puskatzen ditu, beraz oso kontutan hartzekoa da. Entzunezkoak dira mezu asko eta asko, guretzat arruntak, baino askok ez dituzte jasotzen.

Latza izango da gorra denarentzat, ezin komunikaturik egotea.
Beti pendiente daude familiakoren bat edo lagunen bat beraiekin egoteko. Ezin dute medikutara bakarrik joan. Interpretazio zerbitzu bat eskatzen dute Euskadi mailan ematen dena, Euskal Gorrak Elkarteak. Bideratzen dute eskualde bakoitzeko interprete bat. Baina lehen esan bezala jendea falta da, interpretatzaileak falta dira eta behar dira. Autonomikoki pertsona gor batek ezin du igerilekuko ikastaro batera izena eman adibidez. Ez dute autonomiarik arreta eskaintzen ari zaion horrek ez duelako hezkuntza minimo bat.

Adibiderik ba al dago zerbitzu publikoetan, hori bereziki zaintzen dena? Hau da, langile bat edo gehiago prestatuta daudena zeinu hizkuntzarako?
Egon egongo dira, baina nik ez dut ezagutzen. Herna­nin nik dakidala ez dago. Udaltzainetara joan behar izan dut nik behin baino gehia­gotan mesede hori egitera. Familiarrak edo ezagunak eska­tzen dizkizuten me­sedeak.
 

Uste duguna baino jende gehiago al da gorra?
Maila  des­­ber­di­nak daude. Batzuk zei­nu hizkuntza erabiltzen dute, beste batzuk ez dute zeinu hizkuntza erabiltzen. Denetik dago. 

Gerta liteke adinarekin entzumena galtzea eta zahartzaroan gorra geratzea. Jende horrek ikasten al du zeinu hizkuntza?
Egia esan, ez. 40 urtetik gorakoek ez dute planteatu ere egiten. Konpontzen direla esaten dute.

Azpimarratu nahiko zenuke beste zerbait?
Jende askok pen­tsa­tzen duela gorrak mu­tuak direla, baina hori ez da horrela. Eta itsu gorrentzat zeinu hizkuntza berezi bat dago­e­la, jaki­na­razi nahi nuke.  l 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!