Ezker Hormako Emakumea Pelotari Txapelketa jokatuko da gaurtik hasi eta abenduaren 16ra bitarte, eta Astigarraga izango dute aurreneko geltokia. Gaur hasiko da txapelketa Txomiñenea frontoian, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Hamaika bikote, denera
1go eta 2garren mailako pelotariek jokatuko dute txapelketa; denera, hamaika bikote izango dira, bost, 1go mailakoak, eta sei, 2garren mailakoak. Bikoteak klub desberdinetako pelotariekin osatzen dira, betiko bikoteak albo batera utzi eta lehia orekatzeko.
Ligaxka, azaroaren 25era arte
Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute aurrena, azaroaren 25era arte; finalerdiak abenduaren 2an izango dira Hernanin, eta finala abenduaren 16an, Tolosan.
Bost partidu Astigarragan, gaurkoan
Gaurko hasieran bost partidu izango dira aurreneko zita honetan: Garmendia-Arrillaga Irazustabarrena-Muruaren kontra; Ontsalo-Lasarte Galarreta-Agirreren kontra; Rodas-Beldarrain Olano-Irigoienen kontra; Otaegi-Erasun Larrarte-Maizaren aurka; eta Tejedor-Mungia Etxegia-Lopetegiren kontra.