Biharko antolatu da Bizilagunak ekimena Euskal Herri osoan zehar, eta seigarren edizio honek Hernanin ere izango du parada. Hortaz, Hernaniko hainbat etxek ateak zabalduko dituzte eta harrera egingo diete bertakoei nahiz gure herria bizitzeko aukeratu duten bizilagunei. Eta janariaz aparte, tradizioak, bizipenak, kultura, sinesmenak, hizkuntzak, borrokak eta abar elkarbanatzeko aukera izango dute.
Zer da Bizilagunak?
Bertako eta atzerriko familiak mahaiaren bueltan elkartzea helburu duen ekimena da Bizilagunak. Orain hamar urte Txekian sortu zen, eta SOS Arrazakeriaren baitan dagoen ekimen honek Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak ematen duen Gizarte Zibila 2016 saria jaso zuen iaz, europar identitatea eta integrazioaren sustapenaren alde egindako lanagatik.
Euskal Herrira, aldiz, Bizilagunak ekimena ZAS! sarearen eskutik iritsi zitzaigun, orain sei urte. Zurrumurruen Aurkako Sarea Euskal Herriko hainbat erakunde nahiz elkartek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza eta erkidegoko hiru aldundiek, eta 20 udalerrik baino gehiagok. Eta sarearen helburu nagusia da hainbat ekimenen bitartez existitzen diren zurrumurru eta estereotipoen kontrako diskurtsoa zabaltzea; Bizilagunak ekimenak guztiz bat egiten du sarearen helburu horrekin.
Orain arte ospatu diren bost edizioek ongi erakutsi dute Bizilagunak ekimena oso eraginkorra dela pertsonak hurbildu eta ezezaguna zaigunari buruzko aurreiritzi eta estereotipoak apurtu eta aldi berean gizartea saretzeko. Izan ere, halaxe erakusten du EHUko Gizarte Psikologia Sailak egindako ikerketak.
Seigarren urtez jarraian, bertako eta atzerriko familiek mahaia eta otordua partekatzeko ekimena sendotuz doa. 2016an 2.615 pertsonak osatutako 547 familiak hartu zuten parte, Euskal Herri osoan zehar ospatu ziren 235 bazkarietan. Eta aurten, datu horiek guztiak gainditze aldera, 250 bazkari baino gehiago antolatzea espero dute.
Familia aipatzen denean, bikote, pisukide edota lagunekin bizitza partekatzen duen pertsona oro barneratzen da. Familiaren moldaera zabal eta inklusiboena erabili nahi da, alegia. Izan ere, askok eta atzerritarrek bereziki, familia, lagun eta harreman berriak eratu dituzte gure lurraldean, ezinezkoa izan zaielako oraindik euren familia bertara ekartzea.
400 hernaniarrek zita bihar, integrazioaren alde
Seigarrenez jarraian Euskal Herriak bat egingo du bihar integrazioaren aldeko ekimen haundi honekin. Bazkariak, beraz, Euskal Herri osoan zehar egingo dira: Gasteizen, Getxon, Barakaldon, Basaurin, Donostian, Irunen, Errenterian, Pasaian, Zarautzen, Ordizian, Andoainen, Arrasaten, Bergaran, Eibarren, Azpeitian, Tolosaldean, eta baita Hernanin ere.
Hernaniarrei dagokienez, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzaturiko Bizilagunak ekimenak gutxi gorabehera 400 herritar mugiaraziko ditu biharko zitan. Amher elkartearen eskutik, elkarbanatzeko eguna izango da biharkoa Hernanin; «gauza berriak ikasteko eguna, gure artean enpatia sortzekoa».
Hori horrela, mahaia eta jatekoa elkarbanatuko dute bertako eta atzerriko familia banak. Guztira, 58 familiak hartuko dute parte, eta 29 bazkari antolatuko dira; atzerriko familien sukaldeetan bai, eta bertako familien sukaldeetan ere bai. Partehartzaile guztiek ohitura eta gastronomia ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izango dute, eta hortaz aparte, gauzak egiteko modu ezberdinak, ideia eta gustu ezberdinak eta abar ere partekatuko dituzte. Azken finean, gisa horretako bizipen batek «aurreiritzi eta estereotipoei kontra egiten laguntzen dielako», diote.
Sukaldatu egingo duen familiak, beraz, bere lurraldean tipikoa den menua prestatu beharko du. Era berean, gonbidatua izan den familia, dinamizatzailearekin batera iritsiko da bazkarira, eta azken honek aurkezpen lanak egiteaz gain, topaketari hasiera emango dio. Dinamizatzaile lanak egingo dituen pertsonak aldez aurretik ezagutuko ditu bazkarian parte hartuko duten bi familiak, beraien guztien erreferentea izango da. Bazkarian parte hartuko du, eta egun osoan zehar guztia ondo ateratzeaz arduratuko da.
Amher elkarteko kideen esanetan, «gisa horretako harremanetan argi eta garbi ikusten da elkarrekiko aberastasuna; hau da, bertakoak ez garela beti ematen dugunak, eta atzerritarrak, berriz, jasotzen dutenak».
Kultura ezberdinen arteko fusiorako, musika
Pasa den urteko Bizilagunak ekimeneko edizioan kirolek izan bazuten protagonismoa, aurtengoan musika arduratuko da kultura ezberdinen arteko fusioaz.
Amherreko kideek Kronikari azaldu dioten bezala, «gaur egun modan dago fusio musika. Fusio musika, musika ezberdinen arteko nahasketa da, eta hori da hein handi batean Bizilagunak ekimenaren bitartez lortu nahi duguna: kultura ezberdinen arteko nahasketa. Hernanik gizarte fusionatu bat nahi du, hango eta hemengo kultura eta pertsonekin, eta horretarako musika tresna egokia dela uste dugu. Hori bai, fusioaren oinarrian berdintasunak behar du egon, desberdintasun orok ez baitu fusioa posible izatea egiten», nabarmendu dute.
Gazteak ere, esku-hartzaile
Familia eta helduek bakarrik ez, gure herriko gazteek ere badute Bizilagunak ekimenean esku hartzeko aukera.
Orain urte gutxi batzuk hasi zen Amher inmigrazio edota familia elkartzeen bidezko prozesuan dauden herriko gaztetxo eta gazteekin lan komunitarioa burutzen. Horrekin batera, hainbat gazteren esperientzia ezagutu eta haien jarraipena egin ahal izan dute Amherreko kideek, eta kasurik gehienetan zera ikusi dute: «alde batetik, beren inklusio sozial eta kuturalerako baliabide eraginkorren gabezia; bestetik, talka kultural nahiz sozio-ekonomikoa nozitzen dutela; eta hirugarrenik, lagun taldeak egiterako orduan euren jaioterrikoak diren gazteekin elkartzeko joera dutela».
Hori guztia kontuan hartuta, orain hiru urte Bizilagunak ekimenean parte hartzeko gonbita egin zitzaien Hernanin bizi diren gaztetxo eta gazteei. Momentu hartan hiru koadrilak hartu zuten parte, eta urtetik urtera parte-hartzea handituz joan da. GazteBizilagunak ekimena sortzea proposatu zen, beraz, Hernanin bizi diren jatorri ezberdinetako gazteen ekimenak dinamizatu ahal izateko.
2017 honetan zehar, ekintza ugari antolatu ditu GazteBizilagunak ekimenak. Horien artean bi azpimarratu nahi izan dituzte partehartzaileek: alde batetik, apirilean bertako 12 gazte eta beste 10 gazte etorkinekin Añarbeko urtegira egindako bisita; eta bestetik, maiatzean ospatutako Hernaniko XII. Jaialdi Gastronomikoa.
Eta uda honetan zehar ere hainbat ekintza antolatu dituzte. San Juan egunean, esate baterako, kulturarteko pintxopote solidarioaren salmenta-postua jarri zuten GazteBizilagunak ekimeneko gazteek, jai herrikoian parte hartuz. Bestalde, San Inazio egunean ere parte hartu zuten, Santa Barbarako erromerian murgilduz. Eta dantzen trukea, ibilaldiak eta bestelako jaiak ez ziren falta izan uda honetako GazteBizilagunak ekimeneko agendan.
«Euskerari dagokionez, Gaztetxearekin elkarlanean gure hizkuntzara hurbiltzen saiatzen dira, eta era berean euskaltegira ere joaten dira batzuk euskera ikastera», azaldu dutenez.
Biharko egun haundiari begira, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzaturiko Bizilagunak ekimenarekin elkarlanean ari da egunotan GazteBizilagunak, eta guztira 10 bazkari egingo dira 93 gaztetxo eta gazteren partaidetzarekin. Ondoren Gaztetxean elkartuko dira guztiak, egunari bukaera emango dion festan.
Familia guztiek, festa bat
Urtea bukatzeko, bazkari, festa eta abarri beste festa haundi batek jarriko die puntu finala. Aurten berriz ere, Gipuzkoa Solidarioaren gala ospatuko da Donostiako Kursaalen, abenduaren 2an. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta Bizilagunak ekimenean parte hartuko duten familia guztiek elkartzeko aukera izango dute bertan. Umorez beteriko festa haundia izango da, errekonozimenduz betea.