Dena prest dago Goizuetan, beste urte batez, Azaro Kulturalari hasiera emateko. Eta aurten, trena hartuko dute, ziztu bizian abiatzeko, hilabete osorako kultur ekintza sorta.
Izan ere, Artikutzako Trena liburuaren aurkezpenarekin hasiko da Azaro Kulturala, datorren ostiralean. Suberri Matelo eta Antton Mendizabal egileek eskainiko dute hitzaldia, 18:30etan udaletxeko ganbaran. Eta hori bakarrik ez, hurrengo egunean irteera bat gidatuko dute Artikutzan barrena, trenaren aztarnak ikusteko. Autobusez joanen dira kanterara, handik ibilaldia egiteko. Amaia kafetegian eman behar da izena autobuserako, 2 euroan.
Jubilatuei eskainitako bi egun, datorren asteburuan
Baina Artikutzako trenarena bakarrik ez, jubilatuena ere izanen da datorren asteburua, Goizuetan, Umore Ona elkartearen eskutik. Larunbatean, truk eta mus txapelketak jokatuko dituzte 16:00etan; eta igandean, meza izanen dute 11:00etan, pilota partiduak gero, eta bazkaria azkenik, elkartean bertan; Ainhoa Zabaletak girotuko du bazkalondoa, gainera.
Eta hortik aurrera, mota guztietako ekintzak izanen dira astebururo, Feri egunera arte. Azaroaren 25ean eginen dute, baina datorren asteartea dute izena emateko azkeneko eguna, postua paratu nahi dutenek; udaletxean egin behar da.
Kultur egitarauaren azkeneko zita, Errefuxiatuak hitzaldia izanen da, abenduaren 2an.
GOIZUETAKO AZARO KULTURALA
AZAROAK 3, ostirala
‘Artikutzako Trena’ liburuaren aurkezpen-hitzaldia, Suberri Matelo eta Antton Mendizabal egileen eskutik. 18:30etan, udaletxeko ganbaran.
AZAROAK 4, larunbata
Artikutzara irteera, ‘Artikutzako Trena’ liburuaren egileekin, trenaren aztarnak ikusiz ibilaldia egiteko. Autobusez joanen dira kanterara; izenematea Amaia kafetegian, 2 euroan.
AZAROAK 4 ETA 5
Jubilatuen asteburua, Umore Ona elkartearen eskutik. Truk eta mus txapelketak larunbatean; meza nagusia, pilota partiduak eta bazkaria igandean.
AZAROAK 11, larunbata
Plaza dantzak, Mikel Lasarterekin, Umore Ona dantza taldearen eskutik. 11:00etatik 13:00etara.
Umeentzako jolasak eta txokolatada, 17:00etan, Guraso Elkartearen eskutik.
‘Patxuko Nice’ taldearen kontzertua, 23:00etan gaztetxean, Gazte Asanbladaren eskutik.
AZAROAK 12, igandea
Pello Añorga ipuin kontalaria, 17:00etan udaletxeko ganbaran.
AZAROAK 17, ostirala
‘Zera... Nola esango dizut, bada?’ antzezlana, Garazi Olaizola eta Teresa Lopez de Munainekin. 18:30etan, udaletxeko ganbaran.
AZAROAK 18, larunbata
‘Katarrapikaka!’ lehiaketa.
AZAROAK 24, ostirala
Artantxuriketan, 18:30etan eskolako jangelan.
AZAROAK 25, larunbata
Feri eguna.
ABENDUAK 2, larunbata
‘Errefuxiatuak’ hitzaldia, Luzia Etxeberria Nafarroako Brigada taldeko kidearen eta Nafarroako SOS Arrazismoa elkarteko kideen eskutik. 11:00etan, ganbaran.