Joxean Alberdi, Mintzalagun arduraduna
«Lan izugarria egiten ari dira»
Irakasle izan zen Joxean Alberdi AEKn, aurreneko urteetan, eta ordutik beti izan du harreman estua euskaltegiarekin. Astigarragan, Mintzalagun egitasmoaren gidari da joan den urtetik, eta nabarmendu du, berarentzat «poz handia» dela, «satisfakzio pertsonala», euskara ikasi nahi dutenei laguntzea eta ikustea nola ematen dituzten pausoak: «jendea oso gustora etortzen da, eta niri, euskararekin laguntzeko konpromisoa handitu dit Mintzalagun egitasmoak», dio Alberdik.
Garbi dauka AEKren presentzia ezinbestekoa dela Astigarragan: «helduek euskaraz alfabetatzako daukaten tresna bakarra da herrian. Lan izugarria egiten ari dira, eta ez euskararen aldetik bakarrik; arlo kulturalean ere bai. Zilegi Eskoletan, adibidez, oso gai interesgarriak lantzen dituzte, eta jendearengana iristen dira». Alberdik berak kontatu du, azaldu izan dela eskolaren batera, gaiarekiko interes handia zeukalako.
«Kemen handia erakusten dute euskararen alde lan egiteko, eta hori ezinbestekoa da», azpimarratu du.
Lide Herrero, Ikatza tabernan.
«Oso giro polita eta goxoa daukate»
Ikatza tabernako barraren beste aldetik bizitzen ditu Lide Herrero zerbitzariak, Mintzalagun egitasmoko taldekideen barre algarak, solasaldi atseginak eta pasadizoak: «sekulako giro polita daukate. Irakasleek oso harreman ona daukate beraien artean, eta hori transmititu egiten diete ikasleei. Oso giro goxoa da, oso polita».
Izan ere, Ikatza tabernan elkartzen dira egitasmoko partehartzaileak, euskara landu eta praktikatzeko: «jende askok hartzen du parte, eta irakasleak ere etortzen dira. Tabernara datozenean, euskaraz egiten diet beti, eta graziosoa da nola batzuetan, kostatzen zaienean, hizkuntza aldatzeko intentzioa erakusken duten, baina euskaraz esateko saiakera egiten duten berehala».
Ikasle bezala aritu zen Herrero AEKn, aita bezala, eta garbi dauka euskara maila hobetzen ez ezik, taldeko eta bakarkako lanean ere hobetzen lagundu ziola; «eta dena, gurea den hizkuntza baten alde. Lan izugarria egiten dute, gero eta handiagoa den herri bat euskalduntzen, euskara gero eta gehiago entzun eta erabili dadin».
Aritz Goikoetxea txalapartaria.
«Euskara ikasteko gogoa nabaritzen zaie ikasleei»
Txikitatik egin du beti euskaraz, Aritz Goikoetxeak; eta txikitatik ezagutu du txalapartaren historia, etxean. Biak uztartuta, Zilegi Eskola eskaini zien AEKn, Astigarragan aurrena eta Hernanin gero, 20-25 laguneko bi talderekin: Erbetegi-Etxeberria baserrian ikasi zuten txalapartaren historia, jotzen ere probatu zuten, eta afari merienda batekin bukatu.
«Niri emozio handia eragin zidan, familian bizi izandakoa besteei erakutsi eta transmititzeak; oso pozgarria izan zen», dio Goikoetxeak. Eta ikasleen interesa nabarmendu du: «interes handia erakutsi zuten, eta oso saio didaktikoa eta entretenigarria izan zen. Begibistakoa da oso giro polita daukatela taldean, eta euskara ikasteko gogo handia nabaritzen zaie; barrutik ateratzen zaie», azaldu du Goikoetxeak.
Gurasolagun egitasmoan ere parte hartu izan du berak: «gure guraso taldean, badira bi AEKn euskara ikasten, eta beraiek planteatu ziguten; gustura aritu ginen, egitasmo interesgarria da. Zaila da AEKk egiten duena, lan asko eskatzen du, baina oso garrantzitsua da, bestela euskara utziz joango gara».
Juanjo Uria, Mintzalagun arduraduna.
«Bertatik bertara, euskara beti helburu... Ezinbestekoa da AEK»
Orain bost urte hasi zen Juanjo Uria, AEKren Mintzalagun egitasmoa gidatzen, Hernanin. Eta dio, berak egitasmoari ez dakiela zenbat, baina egitasmoak berari asko ematen diola: «terapia oso ona da niretzat, eta proiektu interesgarria. Hamar laguneko taldea gara orain, eta euskara lantzea garrantzitsuena bada ere, talde giroa ere inportantea da. Oso giro jatorra, aberatsa eta umoretsua daukagu. Talde ederra da, zoragarria, jatorri eta izaera desberdinetako lagunek osatua».
Mintzalagun egitasmoa bezala, garbi dauka AEKren jarduera osoa «garrantzitsua eta beharrezkoa» dela: «hutsune bat dago, beste instituzioek betetzen ez dutena. Bertatik bertara, herrian bertan, euskara beti helburu... Ezinbestekoa da AEK», dio Uriak.
Izan ere, jende asko dago herrian, gazterik euskararekin harreman gutxi izan zuena, eta «beharragatik, kuriositatez edo bertakoa delako, euskarara gerturatu nahi duena». Horiei aukera emateko, beharrezkoa da AEKren lana, nabarmendu du Uriak: «hamarkadetako lan horrek, benetako errekonozimendua beharko luke». l