Jakina da bigarren hizkuntza bat ikasteak hainbat eta hainbat onura ekartzen dizkiola pertsona bati: sormena lantzen du, aurreneko hizkuntza sendotzen du, arreta eusten laguntzen du, eginkizun bat baino gehiago aldi berean egitea errazten du... Euskararen kasuan, gainera, onura horiek biderkatu egiten dira, Joseba Arbelaitz Udal Euskaltegiko ordezkariaren ustetan: «euskara ez da bakarrik hizkuntza bat, kultura-ondare bat ere bada, gure arbasoengandik jasotako mundu-ikuskera bat».
Baina ez hori bakarrik: «harreman-sare berriak egiterako garaian ate asko irekitzen ditu, eta ez hori bakarrik, ikuspegi profesional batetik, lanerako sarbidea ere errazten du», onartzen du Arbelaitzek.
Euskarara hurbiltzeko, hamaika modu
Hain justu, mundu horretara hurbiltzeko aukera eskaintzen du duela 25 urte baino gehiagotik, eta gaur egun hamaika modu dauzkate, bakoitzaren bizitzaren moldatuz, euskara ikasteko aukera herritarrei bermatzeko.
Alde batetik, badaude aurrez aurreko eskolak, astean 2 edo 4 egunez egin daitezkeenak, goizez, arratsaldez edota iluntzean, maila edozein dela ere, A1etik hasi eta C1eraino. Horierako batzuetan oraindik plazak daude; informazio gehiagorako: euskaltegian bertan, Karobieta 63 zenbakian, edo 943 33 18 96.
Bestalde, autoikaskuntza formatua ere aukeratu dezake ikasleak. Horiek astean bost orduko lana egiten dute etxetik; beste ordubete eskaintzen diote euskaltegian, talde txikietan, egiten duten mintzamenari; eta hamabostean behin, orduerdiko bileratxoa egiten dute tutorearekin, egindakoak aztertzeko, zalantzak argitzeko... azken finean, ikasten laguntzeko.
Horrez gain, badaude mintzamena praktikatzeko beste ekimen batzuk, tailerrak, asteburuko barnetegia eta Kafe Tertulia kasu, azken hau Gunea garagardotegian burutzen dena.
Euskarara hurbiltzeko, aurrez aurreko eskolez gain, autoikaskuntzarako aukera ere eskaintzen da.
Ebaluazio jarraitua, aurreneko mailatan
Maila bakoitza egiaztatzea izaten da ikasle askoren helburuetako bat; horretan ere hainbat aldaketa izan dira azken urteotan. «Duela bi urte ebaluazio jarraian hasi ginen egiaztatzen A1 eta A2 mailak, eta iaztik, B1 mailak ere bai, hala ziurtatu daitezke. Ondoren, HABEri titulua eskatu eta eman egiten dio ikasleari», azaltzen du Arbelaitzek.
Horrek ez du esan nahi, ordea, azterketarik ez dagoenik, baina bai maila ebaluazio jarraituaren bidez egiten dela, probetara aurkeztu beharrik gabe.