Martxan jarriko da gaur bertan, Errigoraren Herrilana kanpaina. Udazkenean sartu garen honetan, Nafarroa hegoaldeko uztak emandako produktuekin osatutako saskiak eskuratu eta euskerari laguntzeko, gaurtik aurrera egin ahal izango dira eskaerak.
Hernaniri dagokionez, eskaerak egin daitezke Izpizua kaleko Lurreko produktu ekologikoen dendan, 09:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:30etara (larunbatetan goizez), edo Portu auzoko Karabeleko Ekonekazaritza etxaldean, 09:00etatik 13:30etara, 15:30etatik 17:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Saskiak jaso, berriz, Karabelekon egin beharko dira, azaroaren 30etik abenduaren 2ra.
Aurrekoetan bezala, saski beltza eta txuria izango dira aukeran, 50 euroan.
Urtero, indartzen
Euskera eta elikadura burujabetza izan ditu ardatz Errigorak, 2013an sortu zenetik.
Horren bueltan, urtero udazkenean Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina abiatzen dute; nafar produktuekin osatutako saskien salmentatik irabazitakoaren %25 bideratzen da euskera ofiziala ez den eremuko euskalgintzako proiekturen bat laguntzera. Era berean, udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina jartzen dute martxan, «Nafar hegoaldeko produktuak, urrunekoen ordez, gure sukaldeetara ekartzeko».
Azken Euskarari puzka kanpainan, 2016an, 14.000 saski saldu dira, eta 175.000 euro bideratu dira euskalgintzara. Udaberriko Eskutik eskura kanpainan, berriz, 86.500 litro olio eta 208.000 ontzi kontserba saldu dira.