Pozik geratu dira Galtzaur Jubilatu Etxeko bazkideak, bi hilabete iraun dituen obraren ondoren, egoitzan egin diren aldaketekin. Besteak beste, ondorengo aldaketak egin dituzte: leihoak berritu, teilatua insonorizatu, komunak berritu, kontsumo gutxiagoko argiak jarri, margotu... Horrez gain, hemendik aurrera sukaldea izango dute erabilgarri.
Aurrekontu partehartzaileetako proposamena
Galtzaur berritzeko proposamena aurrekontu partehartzaileetan egin zen. Hala ere, ordukoan proposatutako obrak eskatzen zuen aurrekontua haunditu egin da, Emilio Adan lehendakariak eta Marikruz Zamarro zuzendaritzako kideak azaldutakoaren arabera, «legearen hainbat eskakizun betetzeko bestelako lan gehiago ere egin behar izan direlako». Horrela, «udaletxeak behar zen dirua gehitu du».
Besteak beste, ondorengo lanak egin dira: komunak berritu, mahaiak aldatu, leihoak berritu, sukaldea jarri, kable berriak sartu, kontsumo txikiagoko argiak jarri, teilatua insonorizatu eta mugikortasun arazoak dituztenentzako espazioa egokitu. Oraindik ofizina margotzea eta bertako kableak berritzea falta da, beste lan txiki batzuez gain, baina erabiltzaileak pozik geratu dira emaitzarekin.
«Jendea pozik dago. Etortzen badira eta pozik badaude, gauzak ondo egiten diren seinale», diote zuzendaritzako kideek. «Txarrena izan da uste baino gehixeago luzatu direla lanak; bi hilabetez. Jendea kalean galdezka izaten genuen, nora joan ez baitzuten askok. Erabiltzaile askorentzat hau bigarren etxea da; hemen pasatzen dute aisialdi denbora, kartetan, bingoan, elkarrizketan... Guk lanean segiko dugu, denok gozatu eta ahalik eta ondoen pasatzeko aukera izan dezagun».
«Lehen juxtu-juxtu janaria berotzeko pare bat plaka genituen. Orain, sukaldearekin, soziedade batean bezala funtzionatu dezakegu»
Toki faltan, hala ere
Emaitzarekin pozik badaude ere, argi daukate lanean segi behar dutela. «Lanen ondorioz, espazio batzuk txikitu egin behar izan dira, eta ondorioz, txiki xamar geratzen zaigu egoitza. Espazio gehiago behar dugu».
Hain zuzen, lehenago ere lokal berri bat lortzeko eskaera egina daukate, udaletxean, eta eskaerari eusten diote oraindik. «Lokal berri bat lortzeko eskaera egina daukagu, espazio gehiago behar baitugu. Udaletxeak eskaini zigun tokia herriko zonalde berrian, baina ez dugu mugitu nahi izan. Oraingo egoitza herriaren erdian dago; eskuragarri dago herriko punta bateko edo besteko erabiltzaileentzat, eta zonalde berrira mugituz gero, batzuengandik urrutiratu egingo ginatekeen. Beraz, zain jarraitzen dugu. Proiektua eta planoak eginak dauzkagu, eta aukera sortzean mugituko gara. Azken batean, udaletxeak beste hainbat eskariri ere erantzun behar die, eta gauza asko izan behar ditu kontuan».
«Lokal berri bat lortzeko eskaera egina daukagu, espazio gehiago behar baitugu»
Erabiltzeko eta parte hartzeko deia
Zain dauden bitartean, ordea, daukatenarekin gozatzeko prest azaldu dira denak. «Egin diren hobekuntzak haundiak dira, eta aprobetxatu beharra dago. Lokal berria lortu bitartean, daukagunarekin gozatuko dugu!».
Zentzu horretan, dei egiten diete erabiltzaileei, prestatzen diren ekintzetan parte hartu eta aukera berriak aprobetxatzeko. «Lehen juxtu-jutxu janaria berotzeko plaka pare bat genituen. Orain, sukaldearekin soziedade batean bezala funtzionatu dezakegu. Aprobetxatzea espero dugu. Era berean, asko lotsatu egiten dira, baina ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu, eta laguntzera. Elkarbizitza ona daukagu, gure bigarren etxe honetan».
«Ez aldatzeko esaten digute; horrek animatzen gaitu»
Urte honen hasieran zen aldatzekoa, Galtzaurreko zuzendaritza, baina hautagaitza berririk azaldu ez zenez, orain arteko kideek jarraitu dute.
Horretarako, ordea, estatutuak berritzea beharrezkoa izan zen; horrela, zuzendaritza bi urterako hartzen jarraitu behar bada ere, aukera izango da beste bost urtez luzatzeko. Oraingo taldeak, beraz, 2019ra arte jarraituko du, eta orduan beste proposamenik egiten ez bada, 2022ra arte jarraitu ahal izango du. «Besterik ez badago, nahi badugu, eta batez ere, gorputzak eusten badio, jarraituko dugu!», azaldu dute Emilio Adan lehendakariak eta Marikruz Zamarro zuzendaritzako kideak. Guztia azaltzeko hitzaldi bat prestatzen ari dira, urte honen bukaerarako.
Onartzen dute lana neketsua dela, baina erabiltzaileen animoekin aurrera egiten dute. «Ez aldatzeko esaten digute; horrek animatzen gaitu. Giltza da guztia denon artean elkarbanatzen jakitea».
Galtzaur Jubilatu Etxea
Egoitzaren ordutegia
- Egunero irekita, 09:00etatik 22:00etara.
Bulego ordutegia
- Astelehenetik asteazkenera, 09:30etatik 12:00etara.
- Beharrezkoa suertatzen denean, ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara.
EKINTZAK ETA ZERBITZUAK
- Eskulan tailerra.
- Bingoa.
- Irteerak.
- Ibilaldiak.
- Mantentzeko gimnasia.
- Masajista.
- Sukaldea.
- Bazkari eta festak. Azaroaren 27an, Milagrosa Egunean, Galtzaur Jubilatu Etxearen 35. urteurren festa, eta 80 urte egin dituzten bazkideei omenaldia.