Datorren astean hasiko dira Udazken Kulturaleko ekitaldiak

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 14a, 02:00

Ereñotzuko Udazken Kultu­ralaren agenda edo programa argitaratu da eta datorren ostegunean hasiko da lehen emanaldi batekin. 29garren edizioa betetzen du eta Eli Pagola eta Eneka Gorrotxategi: Hego Amerike­tako bidaien irudi emanaldiak emango dio hasiera. 19:00etan eskainiko da Auzo Udaleko aretoan.
Datorren astean bigarren ekitaldi bat ere egongo da. Ostiralean, urriaren 20an, 22:00etan, Igelak filma eskainiko da Auzo Udaleko aretoan.

Aranora igoera eta festa
Datorren larunbatean, urriaren 21ean, 11:00etan Aranora igoera bizikletaz egingo da. Irteera Ereñotzuko semaforotik egingo da. Eta astea amai­tzeko, igandean, 17:00­etan, Auzoko Festa antolatuko da frontoian. Bertako sagardoak dastatu eta gaztain erreak jateko aukera egongo da; produktuen azoka eta patata tortilla lehiaketa ere egongo da.

Urrairen 26an eta 28an, beste bi ekitaldi
Urriaren 26an, osteguna 19:00e­tan,  Hernaniko eta in­gu­ruetako anfibioak eta narrastiak gida-liburua aurkeztuko dute Egoitz Alkorta eta Iñaki Sanz-Azkuek. 
Urriaren 28an, berriz, la­run­batarekin egunpasa egin­go da Legazpiko Mirandaola Burdinolara. Ondoren bazkaria izango da, Zerainen. Autobuserako eta bazkaritarako txartelak salgai daude, dagoeneko: 30 euro balio dute helduentzako, eta 15 euro, 14 urtetik beherakoentzako. Bi urtetik beherakoentzako debaldekoa izango da.

Azaroaren 26ra arte iraungo du Udazken Kulturalak
Osteguneko irudi emanaldia izango da Udazken Kul­turalaren barruan aurrenekoa, baina ez azkenekoa;  azaroaren 26ra bitarte, beste hainbat ekitaldi desberdin antolatu dira. 
Ekintzetan parte hartzeko 943 55 10 00 telefonora deitu behar da; astelehenetan goizez 09:00etatik 11:30etara edota arratsaldez 18:00etatik 20:00etara eta asteartetik ostiralera 9:00etatik 13:00etara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!