«Goizegi» iruditzen zaie Euskal Ligako arduradunei, denboraldi honetarako helburuak markatzea. Alberto Izquierdo dute entrenatzaile, estrainekoz. Azken lau urtetan utzia bazuen ere, 17 bat urte egin ditu entrenatzaile, eta Jon Loranen deiari kasu eginez, Hernaniko nesken taldeko buru jarri da aurten.
Hainbat talderekin ibili da, eta Touring Ohorezko Erregionaletara igotzea lortu zuen. «Baina aurreneko aldia da neskak entrenatzen ditudala. Gogoa banuen. Futbola gustuko duen jendea topatu dut. Oraindik hasiera da, eta nabari da. Baina gogoz aritzen den taldea da, eta emaitzak iritsiko dira pixkanaka».
Ane Ibarburu laguntzailea eta Ainitze Rodriguez, atezainen entrenatzailea ere ados daude. «Oso maila berdindua da hau, baina urte batetik bestera aldaketa haundiak izaten dituena. Aurrena ikusi behar dugu talde guztiak nola dauden, eta gero, helburuak markatzen hasi. Badira lauzpabost talde gainetik ibiliko direnak, eta gainontzekoen kontra lortu beharko dira puntuak. Baina ez da erraza izango. Hasieran behintzat, sufrituko dugu». Hala ere, Izquierdok argi dauka: «helburu nagusia da, gutxienez, ez jaistea!».
Egokitzapen garaia
Iaz pozik zeuden neskak, klubak nesken futbolean aurrerapauso bat emateko egindako apustuarekin. Gorka Alvarez jarri zen entrenatzaile, eta filosofia aldaketa ekarri zuen taldera.
Urtebeteren ondoren, ordea, berriro aldatu behar izan dute entrenatzailea, Alvarez Realeko nesken bigarren talderako hartu baitute. Ibarbururen ustetan, «batzuetan, dinamikak trabatuta geratzen direnean, ondo etortzen da aldaketa, baina 2-3 urtez mantentzea ona izaten da, egonkortasun pixka bat lortzeko». Hala ere, ondo moldatuko dira, Rodriguezen esanetan: «Bakoitzak bere estiloa izaten du. Iaz presio gehiago izan genuen, baloia nola atera enfokatzerakoan, baina aurten oraindik ez gara iritsi horraino. Izquierdok argi dauka ez duela aldaketa haundirik egingo. «Entrenatzen hasi bezala, gai hauen inguruan hitz egin genuen gure artean, eta aurreko entrenatzailearen norabidean segiko dut. Batzuek garrantzia haundiagoa ematen diote defentsari, beste batzuk erasoari... Zentzu horretan, ez dut uste aldaketa haundirik nabarituko zutenik. Hori bai, agian beste batzuk ez bezala, nik garrantzia ematen diot prestaketa fisikoari».
«Aurten onena da bi atezain dauzkagula. Historikoki ez zaigu ia inoiz gertatu»
Aldaketen artean, aurten badauka taldeak beste bat ere, Rodriguezek azaldutakoaren arabera. «Aurten onena da bi atezain dauzkagula. Historikoki ez zaigu ia inoiz gertatu. Hala ere, maila honetan geldik hasten diren jokaldietan atezainak altuera hartzeak diferentzia markatuko luke, baina horretan antzerako dabiltza».
«Ikusiko dugu noraino iritsi gaitezkeen»
Biharko partidua gogorra izango dela badakite, talde bizkaitarrak indartsuak direlako. «Derio goiko postuetan ibiliko denetako bat da». Hala ere, aurreneko buelta bukatu zain daude, «aurkariak non dauden ikusi eta helburuak jartzeko. Ikusiko dugu noraino iritsi gaitezkeen». Taldeak bere buruan konfiantza izatea da giltza, eta horri ekingo diote.
Ohorezko Erregionalek eta jubenil nazionalek, etxean
Nagusiak Zarautzen kontra ariko dira gaur; jubenilek bihar, Arenasen kontra.
Ohorezko Erregional mailak hiru postu gorago dagoen Zarautz hartuko du gaur Zubipen, 16:30etan. Liga hasiera honetan mota guztietako emaitzak izan dituzte, eta izan dezakete aukerarik puntuak etxean mantentzeko. Nazional mailako Ohorezko Jubenilek, berriz, bihar jokatuko dute 12:30etan Zubipen, Arensaren kontra. Postu bat gorago besterik ez dago, eta aukera polita izan daiteke, denboraldiko hirugarren garaipena lortzeko.