Denboraldi hasiera zaila izan dute Mundarroko saskibaloi taldeek, seniorren kategorian. Mutilek, Gipuzkoako 1go zein 2garren mailan, lau partidu jokatu eta bakarra irabazi dute; eta neskek, maila probintzial gorenean, jokatutako biak galdu dituzte.
Horri buelta ematen hasteko, Donostian ariko dira gaur, bi talde nagusiak. Neskek, Bera Bera Gros taldea izango dute aurrean, Benta Berri kiroldegian, arratsaldeko 16:00etan hasita. Partidu bat irabazi eta beste bat galduta, bigarren postuan daude donostiarrak; partidu zaila izango da, beraz.
Ez dute lan erraza izango, 1go mailako mutilek ere. Atletico San Sebastianen kontra jokatuko dute, 20:00etatik aurrera, Aiete kiroldegian. Laugarren dago Atletico, bi irabazi eta beste bi galduta.
Bi partidu, etxean
Senior mutilen 2garren mailan, aldiz, etxean jokatuko du Mundarrok, Goierriren kontra. Arratsaldeko 18:00etan izango da, kiroldegian. Eta kasu honetan, irabazi beharreko partidua daukate astigartarrek, azkeneko sailkatua baita Goierri.
Etxean ariko den bestea, junior mutilen aurreneko taldea da; baina La Salleko kiroldegian jokatuko dute, 16:00etan Hernaniren kontra.