Haurrentzako antzerki saioa izango da bihar, arratsaldeko 17:00etan hasita. Egunen batean ikuskizuna eskainiko du, kultur etxean, Behibi’s Teatro Antzerkia konpainiak.
Denok desberdinak, denok arraroak garela erakutsi nahi du antzezlanak: «modu batera edo bestera, denok desberdinak garela pentsatzea askoz ere aberasgarriagoa da, denok Pepito izan ezik berdinak garela uste izatea baino. Eta horixe da ikuskizunaren abiapuntua», dio konpainiak.
Sarrerak kultur etxean, ordubete lehenago
4-5 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago saioa, eta 50 minutuko iraupena dauka. Sarrerak internet bidez erosteko aukera izan da astean zehar, eta bihar, ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, 16:00etatik aurrera, kultur etxean bertan. 2,5 euro izango dira.
Eguneroko tresnak, emozioetara hurbiltzeko
Erabilitako arroparen biltegi batean kokatzen da antzezlana; moda aldaketak direla eta, baztertuta geratuko den arropa, hain justu. Baztertze hori, «gure buruari inposatzen diogun uniformetasun mingarriaren metafora da».
Hain justu, egunerokoan ohikoak diren tresnak erabiliko dituzte (pertxak, euritakoa, arropa...), eta horrela, desberdina sentitzen den pertsona baten emozioetara hurbilduko dute ikuslea: haserrea, amorrazioa, mina, etsipena... Eta baita normaltzat hartzen ditugunengan, desberdintasun horrek eragiten dituen sentimenduak: beldurra, errefuxa, trufa, onarpena...