Sagarra eta sagardoaren inguruko ekintzetan murgilduta jarraitzen du Astigarragak, Sagar Uzta jaia pasata ere. Izan ere, hainbat aukera eskaini ditu Sagardoetxeak horretarako, urrian zehar.
Gaur bertan, Santiomendin barrena ibilaldi gidatua egingo dute, Sagardo Bidea osatuz, sagardoaren kultura ezagutu eta sagardoarekin lotutako paisaiaz gozatzeko. Bisita goizeko 10:00etan hasiko dute, eta eguerdiko 13:00etan bukatu. Hori bai, aurrez apuntatu behar zen: info@sagardoarenlurraldea.eus edo 943 55 05 75.
Muztioa egiteko tailerrean, bihar zortzi arte aukera
Oraindik martxan den beste aukera bat, Hip Hip Urri! programa da. Muztioa elaboratzen ikasteko tailerra da, Sagardoetxea museoan, eta familiei dago zuzenduta: kizkiarekin sagarrak bildu, pisoiekin zanpatu, prentsatu eta egindako muztioa dastatu. Asteburuetan dago aukera, urriaren 29ra arte: larunbatetan, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 16:30etan, 17:30etan eta 18:30etan; eta igandeetan, goizeko hiru txandetan bakarrik. 4 euro dira helduentzat, eta doan haurrentzat. Aurrez egin behar da erreserba: info@sagardoarenlurraldea.eus edo 943 55 05 75.
Eta azkenik, ikusgai dago museoan bertan, Sagar Uztako argazki rallyko erakusketa.