«Ez dugu linearik kenduko; jende gehieneko orduak indartu eta eskaintza berrantolatuko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 5a, 01:00

Eztabaida haundia sortu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen aurreproiektuak, Buruntzaldeako autobus zerbitzu publikoaren lizitazio berrirako. Eta Udaletako ordez­kariek zein autobus zerbitzuetako langileek agerraldiak egin ondoren, Aldundiaren ikuspegia azaleratu du Marisol Gar­mendia Mugikortasun zinegotziak ere: «ez dugu linearik kenduko. Jende gehien ibiltzen den orduetan, zerbitzua in­dar­tu eta bermatuko dugu, baita zerbitzu bereziak eta ospitale, unibertsitate eta lantokietarako zerbitzuak ere. Egunaren gainerakoan, eskaintza berran­tolatuko dugu, zerbitzua benetako mugikortasunera egoki­tzeko», adierazi du.
Garmendiak azaldu du, bestalde, «30 urteren ondoren, oraindik berritu ez den Lurral­debusen linea bakarra» dela Buruntzaldeakoa, «nahiz eta aspaldi berritu behar zen. 30 urte daramazkite hiru enpresak linea hori kudeatzen, eta panorama judiziala argitu on­doren, beharrezkoa da zerbi­tzua berritzea, linea horretan edonolako hobekuntza egin ahal izateko».
Diputatuak adierazi duenez, jende gehieneko ordu­etan, autobus gehiago edo haundiagoak jarriko dira; eta erabilera gutxineko orduetan, berriz, ordutegiak moldatu: «zerbitzua arrazionalizatu be­har da, eta horixe egiten ari gara, gaindimen­tsionatua ze­go­en linea batean».

«Erabiltzaileak aztoratzen ari da Bildu; guztia geldiarazi nahi du, aztertu gabe»
Modu berean, Garmendiak EH Bilduri leporatu dio, «erabil­tzaileak aztoratzea eta duela 30 urte baino gehiagotik emakida hori ustiatzen ari diren enpresen tesiak babestea. Funtsik gabeko beldurra sortu nahi du, asmo politiko argiarekin. Ez da egia linearen bat kenduko dugula, eta ez dugu langilerik kaleratuko. Bilduk guztia geldiarazi nahi du; gauzak dauden moduan nahi ditu, ondo edo gaizki dauden aztertu gabe», kritikatu du.

«30 urteren ondoren, oraindik berritu ez den linea bakarra da Buruntzaldeakoa».

Diputatuak azaldu du, au­to­bus, erabiltzaile kopuru, ordutegi eta zonei buruzko datuekin osatu duela aurreproiektua; eta orain, jasotako alegazio eta ekarpenak aztertu, eta zerbitzua hobetzeko egoki iruditzen zaizkionak txer­ta­tu­ko dituela, baita iraila eta urri­ko datuak kontuan hartu ere: «prozesuari 2018ko maiatza edo ekainean emango zaio bu­kaera, eta jasotako alegazioak txertatu ondoren, amaierako proiektua hobetuko da», aurre­ratu du Garmendiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!