Hernanik kulturaren inguruan dituen erronkak eztabaidatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 20a, 02:00

hernaniKO Udalak kulturaren inguruko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat jarriko du abian datozen asteetan. Hernaniko udalerrian kultura dinamika zabala, bizia eta handia dago. Nolanahi ere, horren inguruan hausnartzeko beharra ikusi du Udalak, eragileen eta Udalaren arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzeko asmoarekin, eta egiten den eskaintzaren inguruan ikuspegiak eta helburuak partekatzeko.
Urrian hasi eta apirila bitarte iraungo du partaidetza prozesuak, eta Elhuyar Ahol­kularitza arduratuko da prozesuaren dinamizazioaz eta lan teknikoaz. Fase desberdinak izango ditu. Urrian diagnostikoa osatzeko elkarrizketak eta talde-eztabaidak egingo dira eragile desberdinekin. Azaro eta abenduan diagnostikoa osatzeko saio irekiak egingo dira, eta herriko eragileek eta gaian interesa duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango du.

2018an helburuak eta ekintzak zehaztuko dira
2018ko urtarrila eta martxoa bitartean, berriz, aurrera begirako estrategiak, helburuak eta ekintzak zehaztuko dira, eta azken emaitza apirilean plazaratuko da.
Diagnostikoa osatzeko egingo den lanetako bat herritarren iritzia biltzea izango da. Kultur etxeko erabiltzaileei galdetegiak egingo zaizkie, eta edozein herritarrek erantzun ahal izango du www.hernani.eus atarian, kulturaren inguruko gogoetak duen atalean sartuta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!