Bigarren urtea da Beldur Barik lehiaketa martxan jarri dela eta Berdintasun sailetik topaketa ere antolatu da. Bihar, sexualitatea, plazerra eta ligoteoaren inguruko jardunaldiak izango dira, goizeko 10:00etan hasita Biteri kultur etxean. Bertan arituko dira Ander Lertxundi, Arantxa Arrieta eta Arremanitz Kooperatibako Ibai Fresnedo, egun horretako mahai-inguruan. Beti ere, Maddalen Adurizek dinamizatuta. Ibai Fresnedo eta Arantxa Arrietak argi utzi dute, topaketa irekia dela «nahiz eta hasiera batean gaztentzako zuzendua egon. Hala ere guraso eta hezitzaileentzat oso baliagarria izan daiteke».
Maddalen Adurizek bozpasei galdera zuzenduko dizkie hiru adituei, sexu praktika, sexualitatea, plazerra eta ligoteoari buruz eta bakoitzak bere ikuspuntutik erantzungo du banan-bana.
Ibai Fresnedok dio nerabeek nola bizi duten sexualitatea, zer eredu eta erreferente dituzten, nondik jaso dituzten eta nola lotzen duten plazerrarekin plazaratuko dela mahai-inguruan. «Pornoaren inguruan ere hitzegingo dugu».
Arremanitz kooperatibako kideak dio gaur egun gazteak hipersexualitatea bizi dutela. «Edukiak demokratizatu dira garai batekin alderantzen badugu. Komunikabideetatik jasotzen dituzte erreferenteak eta edozein lekutan ikusi ditzakete, baina gertukoak ez dituzte. Ez dute sexualitatea lantzen ingurukoekin. Oso eskura dute, baina ez dakite nola kudeatu eta praktikara eraman».
Fresnedok ez du uste benetan gaur egun lehenago hasten direnik gazteak sexu harremanetan. «Gaur egun medio gehiago dituzte sexualitatera hurbiltzeko eta hori kuantitatiboki positiboa da, baina bestetik, kualitatiboki falta zaie informazioa eta esperimentatzeko baliabiderik ez daukate. Euskarriak ez dituzte helduen aldetik».
Pornoaren inguruan bai Fresnedok eta bai Arrietak diote «ez dela txarra. Ongi dago, baina jakin behar da saltzen den eredua zein den. Kritikoa izan behar da, eta jakin zer jarrera eta eredu erakusten duten. Mutilen ikuspegitik dago egina ia dena. Porno askatzaileago baten aldeko apustua egin behar da». Eta Ibai Fresnedok uste du pornoa kontsumitzean konturatu behar garela «ikusten dugun hori zerbait imaginarioa dela, irudipen bat, errealitatea ez dena eta errealitatetik aldentzen dena».
Arantxa Arrietak emakumeen ikuspegia landuko du mahai-inguruan: «plazerra beti mutilen ikuspegitik jaso dugu. Emakumeak ezin izan dute beraien plazerra plazaratu, bigarren planoan geratu da. Emakumeei beste lehentasunak jarri zaizkie. Emakumeen sexu praktikak ikusezin egin ditu gizarteak. Historikoki alde horretatik ez digute erakutsi plazerra bizitzen. Gaizki ikusia egon da».
«Pesimista naiz; berdintasun-askatasun faltsu batean bizi gara»
Eta gainera Arrietak uste du, kontrakoa dirudien arren, oraindik ere gauzak ez direla asko aldatu: «pesimista naiz; feminismoak bere borrokak egin ditu eta fruituak ere bildu ditu, baina askatasun-berdintasun faltsu batean bizi garela uste dut. Muinean, berez, zerbait aldatu den galdetzen dut, eta egia esan, uste dut ez dela apenas aldatu. Oraindik ere emakumeengan exijentzia eta aurreiritzi asko eta asko mantentzen dira».
Eta jarraitzen du: «oraindik ere ‘puta’ esaten da edo ‘estrecha’ esaten zaio emakumeari. Bikote harreman batean indarkeria eta kontrola emakume askok pairatzen dute. Sexu aurreiritzi pila bat dago eta askatasun eta berdintasunik ez da lortu gizartean».